argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Martxoak 30: etxeko langileei zor zaiena ordaintzea

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko apirilaren 01

Martxoaren 30a oraindik ez da agendan gorde eta adierazpen politikoekin betetzen den egun horietako bat. Etxeko Langileen Nazioarteko Egunean beraiek izan ziren hitz egin zutenak, etxeko langileak, baita argi hitz egin ere. Eragileen artean eta instituzioetan isiltasuna nagusi izan zen, adierazgarria bezain kritikagarria. Baina, gaitz erdi, langile horiek esateko eta eskatzeko dutena arretaz entzuteko balio izan bazuen egunak.

Etxe barruko langile edo interna figura desagertzea; soldatapeko gainontzeko langileekin parekatzea, eskubideak lapurtzeko ezartzen zaien erregimen berezia alboratuz; segurtasunez lan egiteko eskubidea aitortzea; atzerritartasun legea indargabetzea –eskubide zibilik gabe ez baitago esplotazioari aurre egiterik–; nagusikeriaren eta indarkeriaren aurrean babestea; egiten duten lana aitortu eta balioa ematea... Azken batean, ordutegiak, soldatak, jai egunak, atsedenak eta dagozkien funtzioak zehaztuko dizkien lan hitzarmena nahi dute. Eskubideak nahi dituzte.

Adineko egoitzetako langileak, garbiketakoak, esku hartze sozialekoak, hezkuntza berezikoak, etxez etxeko zerbitzuetakoak zein jangeletakoak... gatazkak piztu eta borrokan ari dira han eta hemen. Zaintzari lotutako sektoreetako langileak dira, emakumeak gehien gehienak, sektorerik borrokalariena momentu honetan.

Etxeko langileak Euskal Herriko langileriaren borroka fase berri honen parte izatearen garrantzia eta balioa aurrerago ikusiko badugu ere, orain da urrats hori aitortzeko momentua. Ez da beraien arazoa, eta ez dira euren bizi baldintzak soilik. Zaintza guztion ardura da, eta guztion erantzukizuna da zaintzaileei, gaurkoei zein aurretik zeudenei, zor zaiena ordaintzea.