argia.eus
INPRIMATU
Martxoak 23 talde armatuak aldebakarreko su etena iragarri du Kongon
  • Gobernuarekin negoziatu gabe iragarri du erabakia talde armatuak, "arrazoi humanitarioengatik" dela argudiatuta. Joan den astean herrialdeko Goma hiria bereganatu zuten matxinoek, eta, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 900 hildako baino gehiago eragin dituzte hiri horretako borrokek.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 04a
Nazio Batuen Erakundearen Kongoko misioaren tropak, Goman United Nations Photo (CC BY-NC-ND 2.0)

Martxoak 23 Kongoko Errepublika Demokratikoko talde armatuko matxinoek aldebakarreko su etena eman dute, "arrazoi humanitarioengatik". Joan den astean herrialdearen ekialdean dagoen Goma hiria hartu ondoren, gobernuarekin adostu gabe iragarri dute erasoen behin-behineko etetea.

Miliziaren bozeramaile Lawrence Kanyukak astelehenean argitaratutako oharrean azaltzen duenez, "herrialdeko egoera humanitarioa Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak eragin du", eta matxinoen kontrolpeko eremua hegazkinekin bonbardatzea leporatu dio. Gainera, Kanyukak adierazi du "konpromisoa" dutela talde armatuaren menpe dauden guneetako zibilak babesteko.

Iragan astean eman zuen Kongoko gertakarien berri ARGIAn Jenofa Berhokoirigoin kazetariak. Herritarrek Mendebaldeak Kongon dituen hainbat enbaxada jo-mugan hartu zituztela azaldu zuen, M23ren kontrako protestetan: "Herritarrak karrikara atera dira, M23aren aurka eta Ruandak eta Mendebaldeak erakunde armatu horri erakutsitako sostengua salatzeko. Kongoko probintzia horiek mineralez aberatsak dira eta lur horien gaineko kontrola ere dute gatazkaren oinarrian"

900 hildako eta 3.000 zauritu

OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak argitaratutako informazioaren arabera, urtarrilaren 26an Goman borrokak piztu zirenetik 900 lagun hil dituzte hirian. Bestalde, OME Osasunaren Mundu Erakundeak dio urtarrilaren 26tik 30era ia 3.000 zauritu heldu zirela borroka eremuen inguruko osasun zentroetara.