35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Apirilaren 11 arte, Euskal Herri osoko 51 herritan ikusi ahal izango da aurtengo film laburren bilduma. Gipuzkoako 22 herritan, Bizkaiko hemeretzitan, Arabako bostetan, Iparraldeko hirutan, Nafarroako bitan eta Londonen. Lehiaketara 35 film labur aurkeztu dira eta zortzi egongo dira ikusgai.
Ikusgarri egongo diren zortzi film laburrak dira: Prosopagnosia (Ekain Martinez de Lizarduy), Plazer bat (Sonia Estévez), Europa (Ekain Irigoien), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena, Alaia Martin eta Iraitz Mateo), Hor konpon (Jone Arriola), Goodbye Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto), Utlandsk (Alba Lozano) eta Betiko gaua (Eneko Sagardoy). Azken horrrek Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen Eivissako (Herrialde katalanak) nazioarteko zinema jaialdian, eta La Otra Mirada lehiaketako Epaimahaiaren Saria jaso zuen Medina del Campoko (Espainia) jaialdian.
Filmeen aukeraketa epaimahaiak egin du eta adierazi dutenez garrantzia eman diote film labur bakoitzaren kalitateari. Lanak hautatzeko autorea emakumea edo gizona den, landutako gaia zein den eta istorioa non kokatzen den hartu dute kontuan, besteak beste. Halaber, sortzaile berrien eta profesionalen arteko oreka ere zaindu dute, guztiei beren lanak aurkezteko aukera emateko asmoz; hala jaso du Berriak.
Laburbirak bi helburu nagusi ditu, euskal zinemagintza hauspotzea eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea. Hala definitu du jaialdiak bere burua: "Euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuitu egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du".