argia.eus
INPRIMATU
Martxan da Dantzerti, arte dramatiko eta dantza goi mailako EAEko eskola
  • Eskolak lehentxeago hasita zeuden arren, asteazkenean egin zuten Dantzerti Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren irekiera ekitaldi ofiziala. Antzerkiaren eta dantzaren sektoreko aspaldiko aldarrikapena bete da azkenik; hala ere, eskola irekitzeak ez ditu erabat asebete urteetako nahiak. Goi mailako eskola izatea orobat aurrerapausotzat jo arren, kritika ugari jaso ditu proiektuak.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko irailaren 24a
Dantzertiko ikasleen hautatze-probetako bat (Arg.: Irekia/Eusko Jaurlritza).

Dantzertiri leporatzen zaizkion gabeziak ondo bildu zituen Nagore Ares Amaya kazetariak Berrian argitaratutako Lehen dantza, gaizki eta presaka erreportajean. Eskolaren kokapena da horietako bat. Lehenik eta behin, berezko egoitzarik ez izatea kritikatu dute askok; gogoan izan behar da Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga musika kontserbatorioaren eraikin berean kokatu dela Dantzerti.

Bilbo eta ez beste hiri bat aukeratzea ere okertzat jo dute sektoreko zenbait ahots esanguratsuk, Oier Araolaza dantza tradizionalean adituak esaterako. Bide batez esateko, dantza tradizionala Dantzertiren curriculumetik kanpo geratu da, eta hori ere ez dute ondo hartu arlo horretan dabiltzanek.

Eskola sortzeko prozesuan parte hartzerako ateak behar bezala ireki ez izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari, halaber, urtetan goi mailako zentro bat egon zedin borrokan aritu diren profesionalek. Eta irakasleak hautatzeko prozedurarekin ere desadostasunak izan dira.  

Asteazkeneko irekiera ekitaldian, kritika oldea ondo gogoan zuela seguruenik, “sektoreko profesionalak kontuan hartuta” lan egingo dutela nabarmendu zuen Dantzertiko zuzendari Ekaitz Gonzalezek. “Fin-fin lan egingo dugu, ez dakiguna dakienari galdetuaz eta akatsetatik ikasiaz”, gehitu zuen Gonzalezek, dantzan.eus webgunean argitaratutako kronikan irakur daitekeenez.

Abiapuntuko herrenak gainditzeko arnasa apur bat eskatzen du Dantzertik, eta badirudi arte dramatikoaren euskal sektoreak, kritikak kritika, konfiantza emateko prest dagoela.