argia.eus
INPRIMATU
Martxan da “Blogetan! Blog izarren bila” lehiaketaren bigarren edizioa
  • Parte hartzeko epea urtarrilaren 16tik otsailaren 13ra bitartean egongo da zabalik. Epaimahaiak martxoaren 30an emango ditu ezagutzera irabazleak, Euskararen Etxean ospatuko den jardunaldi eta sari-banaketan.   

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 16a

Edonork hartu dezake parte lehiaketan, eta norberaren bloga aurkezteaz gain, gustuko blogak ere proposatu daitezke. Horretarako, webgunean sartu eta izen emateko inprimakia bete behar da. Lehenengo faseak irauten duen bitartean, edozein unean egin ahal izango da hori.

Lau kategoria daude lehiaketan: kultura arloko blogak (zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza, gastronomia, musika…), gizarte eta politika arloa (kazetaritza, historia, humanitateak, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea…), aisialdiarekin erlazionatutako gaiak (zaletasunak, kirola, bidaiak…), eta zientzia eta teknologia (natura, osasuna, arkitektura, informatika…). Horietako bakoitzak irabazle bat izango du.

Bozkatze sistema bikoitza izango da. Otsailaren 13tik martxoaren 10era bitartean webgunearen edo Twitterren bidez bozkatu ahal izango du publikoak. Epaimahaiak ere parte hartuko du fase horretan, eta martxoaren 13an ezagutzera emango ditu hamabi finalistak, kategoria bakoitzeko hiru.

Azken bozkatzea martxoaren 14tik 21era bitartean egingo du epaimahaiak, eta 30ean jakinaraziko ditu kategoria bakoitzeko irabazleak, Euskararen Etxean ospatuko den jardunaldian. Horrez gain, blogari berria saria ere emango du Argiak. Egitasmoaren inguruko informazio eta oinarriak irakurri daitezke hemen: http://www.blogetan.eus/oinarriak

Blogetan! Blog izarren bila lehiaketa Azkue Fundazioak Argiaren laguntzarekin antolatzen duen egitasmoa da. Helburua euskarazko blogak eta euskal blogariak saritzea da, hauek ezagutzera emanez eta blogetan euskararen aldeko erabilera sustatuz.