argia.eus
INPRIMATU
Martxa antimilitarista Soietxeko kuartel militarra baratze bihur dadin
  • Azaroaren 12an, martxa antimilitarista egingo dute Mungiako Soietxeko kuartelera, Bota kuartelie eta erein porrue lemapean. Egun 1.300 militar dago Hego Euskal Herrian, poliziak gehituz, Europar Batasuneko lurralde militarizatuena da.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 10
Soietxeko kuartelera egiten den martxa. (Arg.: sinkuartel.org)

Ekologistak Martxan, Butroi Bizirik Transizioan, Berri Otxoak, Kakitzat, Ernai, Eguzki, Askapena, KEM-MOC, Komite Internazionalistak eta Baratzea Gatika dira ekitaldira gerturatzeko deia egin duten antolakundeak.

Martxaren XXVII. edizioa Mungiako Foruen plazatik abiatuko da kuartelera bidean. Bertara gerturatuko direnek porruak landatuko dituzte kuartelaren sarreran. Antolatzaileen esanetan “balak baino beharrezkoagoak eta osasuntsuagoak” dira hauek. Era honetan lur horiek laborantzarako erabiltzea eskatu nahi dute.

Militarizazioaren aldeko apustua kritikatu dute Espainiako Gobernua egiten ari den murrizketen aurrean. Arlo honetan egiten diren gastuek pobrezia eta gizarte bazterkeria bultzatzen dute antolatzaileen ustez.

Lurralde militarizatua

Hego Euskal Herrian 1.300 militar inguru daude 2015eko datuen arabera. Horietatik ia erdia Arakako kuartelean zeuden. Bertako militar askok Zaragozarako bidea hartu dute, San Martzial brigadaren desagertzearekin. Halere, Espainiako Defentsa Ministerioaren esanetan ez da murriztu Euskal Herriko militar kopurua. Ministerioak 2016. urterako Arakako kuartelera 250 militar mugitzeko nahia azaldu zuen.

Bestalde, Donostiako Loiolako eta Mungiako Soietxeko kuartelak bere horretan mantendu ditu Espainiako Gobernuak . Kuartel hauek Badajoz eta Kordobako unitateen menpe daude.

Horiei Bardeetan armadak duen entrenamendu zelaia gehitu behar zaie. Hau Aireko armadak duen tiro probetarako poligono bakarra da. Urtero 2.000 ariketa inguru egiten dira bertan, horietako batzuk benetako bonbekin.

Militar kopuruaz gain, Euskal Herria Europar Batasunean indar polizial gehien duen lurraldea da. Europar Batasunak gomendatzen dituen mila biztanleko bi poliziak aise gainditzen ditu, sei daude herritar kopuru berean. 2011ko zenbakien arabera, udaltzaingoak kontuan izan gabe, Euskal Herrian 18.100 polizia inguru daude, erdia Espainiakoak eta Frantziakoak.  8.000 ertzain, 1.100 foruzain, 4.800 guardia zibil, 2.000 Espainiako polizia nazional eta 2.200 Frantziako polizia eta jendarme daude.

Antolatzaileek bideo bidez eginiko deialdia: