argia.eus
INPRIMATU
Martuteneko espetxean preso zegoen gizonezko bat hil da
  • Astelehenean eman zuen heriotzaren berri funtzionario talde batek. Hilabete baten barruan espetxe horretan hildako bigarren pertsona litzateke.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 14a
(Argazkia: Ketari)

Astelehen goizeko presoen zenbaketa burutu bitartean aurkitu zuten 41 urteko gizonezkoaren hilotza bere ziegan, Donostiako Martuteneko espetxean. Presoaren heriotzaren berri kartzelako langile talde batek eman zuen, eta informazioa baieztatu zuen Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkaritza nagusiak.

Hildakoa 41 urteko gizonezkoa dela, informazio hori besterik ez dute eman argitara espetxetik, datuak babesteko legeak informazio gehiago ematea eragozten duela argudiatuta.

Heriotzaren kausa zein den jakiteko ere tarte bat beharko dutela adierazi du Espainia Espetxe Erakundeak. Hala ere, zenbait iturrik publiko egindako informazioaren arabera, baliteke gizona gaindosiz hil izana.

Gorpuari autopsia egingo diotela jakinarazi du Espainia Espetxe Erakundeak, baita auzibideari eta barne ikerketari bide emango zaiola ere.

Espetxe barruko heriotzen kontadorean zenbaki bat gehiago

Espetxeko funtzionario talde batek informatu zuenez, abenduaren 20an beste preso bat hil zen Martuteneko espetxean; astelehenean zendutakoa, beraz, hilabete baten barruan hildako bigarrena litzateke.

Kartzela eremuen jazotako bi heriotza horiek ez dira kasu isolatuak. 2019an, bost preso hil ziren Zaballako espetxean.