Martinika uharteko banana plantazioetan chlordécone (frantsesez) pestizida erabili zuten 1972tik 1993ra. Lurrak kutsatu eta prostatako minbizia kasuak areagotu dituela salatzen du chlordéconearen aurkako mugimenduak. Zazpi ekintzaileren aurkako epaiketaren testuinguruan enfrentamenduak egon dira Fort-de-France hirian urtarrilaren 13an pestizidaren aurkako manifestarien eta poliziaren artean. Epaiketa ekainaren 3ra atzeratu da istiluen ondorioz.
TV5monde hedabideak eman duen informazioaren arabera, urtarrilaren 13 arratsalde eta gauean istiluak izan ziren Martinikako auzitegi penalaren inguruan. Autoei su eman zieten pestizidaren aurkako manifestarietako batzuek eta gutxigatik ez zuen gasolindegi batek su hartu. Renaud Gaudeul fiskalak adierazi duenez, lau pertsona atxilotu zituzten gau horretan.
Hilabeteak daramatzate merkatalguneak blokeatzen
Urtarrilaren 13an epaiketara deituta zeuden zazpi ekintzaileak azaro bukaeran atxilotu zituzten, Robert merkatalgunean egindako manifestazioan. Asteak daramatza chlordéconearen aurkako mugimenduak Martinika uharteko merkatalguneak blokeatzen, salatzen baitute salgune hauen jabeak direla familia boteretsuak izateaz gain pestizida banana plantazioetan erabili izanaren erantzuleak. Pestizida honen kutsadurak epe oso luzean irauten du.
Epaiketan egotea galarazi diote pestizidaren aurkako mugimenduari
Chlordéconearen aurkako mugimenduak prentsa oharrean salatu du justizia jauregira sartzea galarazi zietela epaiketaren orduan, eta pestizidaren auzian seinalatu dituzte "Beke kasta" eta "justizia koloniala".
Frantziar estatu kolonialak baimendutako pozoitzea
Sare sozialetan @arranomendi erabiltzaileak txio hari honetan bildu ditu Martinikako auziaren hainbat gako:
Hamarkadetan frantziar botere kolonialari loturiko jabeek, herrialde askotan aspalditik debekaturiko klordekone produktua erabili dute banana ekoizpenean frantziar estatuak ahalbidetuta.
Produktu toxiko horrek bertako lur eta urak masiboki kutsatu ditu osasun arazoak eraginez.
— Eneko ZA (@arranomendi) January 14, 2020
Bertako abertzaleek "pozoitze koloniala" salatzen dute.
— Eneko ZA (@arranomendi) January 14, 2020