Argentinako justiziak atzera bota du Rodolfo Martín Villa auzipetzeko Maria Servini epaileak hartutako erabakia, ustez ez duelako frogatzen gizateriaren kontrako krimenak egin zituenik. Hala ere, ministro frankistaren kontrako auzia ez artxibatzea agindu du epaitegiak. Martxoak 3 elkartea eta CEAQUA kereila argentinarraren estatu koordinadora, aztertzen ari dira helegitea jartzea ebazpenari.
Buenos Aireseko Ganbera Federaleko Bigarren Aretoak ostegun honetan jakinarazi du baliogabetu egin duela Mari Servini epaileak pasa den urrian Rodolfo Martín Villa Espainiako gobernazio ministro frankista izandakoa auzipetzeko erabakia, ez duelako frogatzen 1976. eta 1978. urteen artean poliziak eragindako sarraskiak –tartean Gasteizen 1976ko martxoaren 3koa, 1977ko Amnistiaren Astekoa eta 1978ko Iruñeko Sanferminetakoa– gizateriaren kontrako krimenak direnik.
Zehazki, argentinar justiziak dio ez dagoela frogatua "botere aparatu" bat zegoenik Martín Villaren esanetara, eta beraz, hilketa horiek ez zirela honen aginduz egin. Servinik bere autoan argudiatu zuen "Trantsizio" deituriko garai politikoan frankismoaren egitura errepresiboak bere horretan mantendu zirela Martín Villa eta antzeko goi arduradun politikoen aginduetara. Ministro frankista ohiaren defentsak ordea, "Espainiako historiari buruzko ezjakintasun erabatekoa" izatea egotzi zion epaile argentinarrari.
Buenos Aireseko ganberak, hala ere, gizateriaren kontrako krimenik egon ote zen jakiteko "ikerketan sakontzeko beharra" adierazi du osteguneko ebazpenean eta ondorioztatu du ez dagoela froga nahikorik ere auzia artxibatzeko. Beraz, Martín Villak inputaturik jarraitu dezake, eta urte haietako errepresio polizialean estatu aparatuek izandako inplikazioak jomugan jarraitzen du Argentinako auzitegietan.
Biktimen elkarteen helegitea
Hain zuzen, Martxoak 3 elkarteak eta CEAQUA Frankismoaren Krimenen Kontrako Argentinar Kereilaren Estatu Koordinadorak azaldu dute euren talde juridikoak aztertzen ari direla kasazio-errekurtsoa jartzea ebazpenari.
"Auziaren tramitazioan zalantzarik gabe egiaztatu da Rodolfo Martín Villa hilketa horien egile-hausnartzaile izan zela, gizateriaren krimenen kontrako testuinguru batean", diote. Hala, euren ustez "ate guztiak zabalik daude" Servinik agindutako auzipetzeak aurrera jarraitu dezan.