Intxorta 1937 elkarteak mozioa aurkeztu du martxoko osoko bilkuran barne ministro ohiaren krimenak aztertzeko eta alderdi guztien babesa jaso du. Bihar, Donostian, Jesus Muñecas-en aurka kereila jarriko du Arantxa Markaide arrasatearrak, eta horren bezperan onartu dute mozioa, eta baita frankismoko krimenen inpunitatearekin lotutako adierazpen instituzionala ere.
Astearte honetan, Intxorta 1937 elkarteak aurkeztutako mozioari babes osoa eman dio Arrasateko udalbatzak, aho batez onartua izan delako. Rodolfo Martin Villaren krimenak ikertzea eskatzen zuen Intxortakoen mozioak, "gizateriaren aurkako krimenak direnez delituak ezin daitezkeelako amnistiatu edo indultatu". Villak hainbat aginte postu izan zituen 60. eta 70. hamarkadetan: SEUko buru, sindikatu bertikaleko idazkari, Bartzelonako gobernari, harreman sindikaletarako ministro, eta baita barne ministro Suarezen agintaldian.
Arrasateko kasuan, Suarezen ministro izan zelarik, honako krimenak egin zirela aipatzen zuen mozioak: lau erailketa Guardia Zibelen tiroengatik (Agurtzane Arregi, Emilia Larrea, Roberto Aranburu eta Jose Maria Iturriotz), bost zauritu, balen eraginez (Juan Jose Etxabe, Enrique Zurutuza, Juana Martin, Alberto Beltran eta Crescencia Bidaurreta).
Villa inputatua izan zen Argentinan, justizia unibertsalaren printzipioa aplikatuta, baina ez zen estraditatua izan, 2015eko martxoaren 13an, Espainiako ministroen kontseiluak eskaria ukatu zuelako.
Hori guztia kontuan hartuz, lau eskari hauek egiten dituzte gaur onartutako mozioan:
- Espainiako gobernuari eskatzea 2015eko erabaki hori bertan behera uztea, Martin Villa estraditatzeko.
- Nazioarteko zuzenbidea erabiliz, frankismoan eta trantsizioan egindako krimenak ikertzea.
- Martin Villa pertsona non grata izendatzea Arrasateko udalerrian.
- Udalaren erabakia honako instantzietara helaraztea: Espainiako Justizia Ministerioa, Auzitegi Nazionalaren eta Auzitegi Gorenaren burua, Estatuko Fiskaltza Nagusia eta Argentinako Errepublikako Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionala.
[Mozioa bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen]
Adierazpen instituzionala
Ostean, adierazpen instituzionala irakurri du Maria Ubarretxena alkateak, frankismoaren inpunitatearen inguruan. Bezpera adierazgarri batean egin dute irakurketa, bihar aurkeztuko baitu Arantxa Markaide arrasatearrak –beste hiru biktimekin batera– Jesus Muñecas Guardia Zibileko kapitainaren aurkako kereila Donostiako Epaitegian.
Hala dio alderdi guztien onespena izan duen testu bateratuak:
"Datorren Martxoaren 6ean, eguerdiko 12:00etan, biktima torturatuen deklarazioen aurkezpena izango da Donostiako Epaitegian. Kasu honetan, beste biktimen artean Arantxa Markaide arrasatearra izango da Justizia espainiarraren esku utziko duenak Jesus Muñecas Aguilar kapitainak, beste guardia zibilekin batera, garai haietan frankismoaren aurkako mobilizazioetan hainbat eskualdetan ari ziren milaka gazteei izu zitala sartzeko asmoekin egin zituzten ekimen kriminalen salaketak. Arrasateko Udal Batzarrak gure herriko biktimei eta beraien senide guztiei bere elkartasuna adierazten die Egia guztia ager eta Justizia osoa egin dadin 40 urteko diktadurapean frankistak gizateriaren aurka egindako krimenekin. Memoria osoa nahi baitugu berreskuratu, Bakea eta Elkarbizitza behar bezala bideratzeko.
Halaber, deklarazio egunean arrasatear guztiei deia luzatzen diegu bere elkartasuna adierazteko modu baketsuan Donostiako Epaitegiaren aurrean eguerdiko 11:00etik aurrera izango den Elkarretaratzean.
Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez!".
Albiste hau Goienak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziarekin ekarri dugu ARGIAra.