argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren indarkeria
“Martín Villa epaitu!”, ministro ohi frankistaren inpunitatea salatzeko kanpaina abiatu dute
  • Rodolfo Martin Villa, frankismo garaian Barne ministro izandakoa epaitu dezatela eskatu dute Espainiako Estatuko 30 talde memorialistak, tartean Euskal Herrikoak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko urtarrilaren 31
Gasteizen egindako agerraldia (arg: Martxoak 3 elkartea)

Poliziaren arduradun nagusi izan zen bitartean, 1975 eta 1979 artean, agente armatuek eta talde parapolizialek 90 lagun inguru hil zituztela uste da, baina Martin Villak ez du oraingoz krimen horiengatik epaile aurrean deklaratu behar izan, eta ez du zigorrik jaso. Memoriaren inguruan lanean diharduten elkarteek Martin Villa epaitu! kanpaina abiatu dute eta ostegun eguerdian aurkeztu dute aldi berean Iruñean, Gasteizen, Madrilen, Zaragozan eta Valentzian egindako agerraldietan.

Martin Villari egozten diote, besteak beste, Gasteizko 1976ko langileen kontrako sarraskia, 1977an Amnistiaren Aldeko Astean hildakoak edo urtebete geroago Sanferminetan poliziak egindako oldarraldi basatia. Kanpaina abiatu duten taldeen artean daude Martxoak 3 elkartea, Sanferminak 78 Gogoan, Goldatu, Egiari Zor, Ahaztuak kolektiboa, Andoaingo Oroituz, Intxorta 1937 eta Gernika Batzordea, baita norbanakoen senideak ere, 1978an Donostian hildako Joseba Barandiaranenak kasu. Bideoa ere zabaldu dute kanpainari hasiera emateko (egilea: Hala Bideoak):

Ministro ohiaren kontra kereila jarri dute Argentinan "gizateriaren kontrako krimenak" egiteagatik, baina kanpainaren sustatzaileen aburuz ez da nahikoa eta Espainiako Estatuan bertan epaitu beharko lukete Martín Villa, orain duen inpunitatearekin amaitzeko. Horretarako baina, beharrezko ikusten dute 1977ko Espainiako Amnistiaren Legearen "murrua" botatzea.

Trantsizioari buruz eman izan den "ereduzko irudia" faltsua dela nabarmendu dute eta hori baieztatzeko estatu biolentziak eragindako heriotza horiek  jarri dituzte adibidetzat: "Rodolfo Martin Villa politika errepresibo horren egile nagusietako bat izan zen", dio kanpainaren manifestuak. Eta agiri horretan bertan gogorarazi dute Martin Villa dela frankismoko goi mailako kargudunek izandako bilakaeraren adibide onenetako bat: "IBEX-35eko enpresari nabarmenak izatera igario baitira".