argia.eus
INPRIMATU
Martín Villa Epaitu ekimenak José Luis Cano omenduko du, poliziak tiroz hil zuen iruindarra
  • 1977ko amnistiaren astean, Rodolfo Martín Villa gobernazio ministroa zela, zazpi hildako eragin zituzten poliziek eta indar parapolizialek. Ahaztuak, Egiari Zor, Goldatu, San Fermines 78 gogoan eta Martxoak 3 elkarteek deitu dute ahanzturaren aurkako jardunaldia.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 07a
Jose Luis Cano, 1977ko maiatzaren 13an poliziak buruan tiro eginda eraila

Trantsizioaren muinean murgilduta zeuden Espainia eta Hego Euskal Herria 1977an. Maiatzean Amnistiaren Aldeko Astea deitu zuten hainbat eragilek, preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko. Mobilizazio masiboak izan ziren, eta poliziak bortizkeria handiz erantzun zuen. Zazpi herritar hil zituzten maiatzaren 12a eta 17a artean Iruñean, Errenterian, Bilbon eta Ortuellan: Rafael Gómez Jauregui, Clemente del Caño Ibañez, José Luis Cano, Luis Santamaría, Gregorio Marichalar Aiestaran, Manuel Fuentes Mesa eta Francisco Javier Fernández Nuñez.

Martín Villa Ekimenak prentsa ohar baten bitartez salatu du gertakari haietan Martín Villak izan zuen erantzukizuna: “Ministro izan zen urteetan (1975-1979) errepresioa eta Estatuaren bortizkeriaren inpunitatea izan ziren ezaugarri”. Ekimenaren arabera 90 herritar inguru hil zituzten Estatuko segurtasun indarrek epealdi horretan, eta aitortzarik gabe jarraitzen dute. “Errealitate horren adibiderik odoltsuenetako bat da 1977ko Amnistiaren Aldeko Astea”.

Jose Luis Cano eta aste hartan hildako beste guztiak gogoan, bi “memoria ekitaldi” antolatu ditu Martin Villa Epaitu ekimenak Amnistiaren Aldeko Astearen 42. urtemugan, biak Iruñean. Maiatzaren 9an, osteguna, hitzaldia antolatu dute Zabaldi gune internazionalistan. Bertan izango dira hizlari Aingeru Cano  − José Luis Canoren senidea−, Gloria Bosque eta Amaia Kowasch Velasco. Maiatzaren 13an, astelehena, omenaldia egingo zaio Canori tiroz hil zuten tokian bertan, Kaldereria kalean.

Egindako bidearen balorazio positiboa

Urte honetako urtarrilean aurkeztu zen publikoki Martín Villa Epaitu ekimena. Euskal Herriko eragileez gain Madrilekoek eta Bartzelonakoek ere osatzen dute ekimena. Euskal Herriko elkarteek emandako urratsen balorazioa egiteko ere baliatu dute prentsa oharra. Baikor ageri dira. Batetik, Gasteiz, Iruñea, Arrasate, Irun, Lizarra, Zizur eta Errenteriako udalek Martín Villa pertsona “non grata” deklaratzea lortu dute. Bestetik, Argentinako Servini epaileak daraman prozeduran gertaera berriak sartzeko lanean dihardu, “ikerketa lanak sendoago oinarritu eta zabaldu” ditzan epaileak. Litekeena da, hain zuzen ere, Martín Villak Serviniren aurrean deklaratu behar izatea auzipetu gisa, irailaren bederatzian.