Espainiako gobernazio ministro izandakoa gizateriaren aurkako krimenengatik epaitu nahi du Argentinako justiziak. 1976ko martxoaren 3ko eta 1978ko Sanferminetako sarraskiengatik auzipetu du María Servini de Cubría epaileak, kereila argentinarraren barruan.
Urtebete baino gehiago da Rodolfo Martín Villa 87 urteko agintari frankista ohiak María Servini de Cubría epailearen aurrean bideokonferentziaz protesta askoren erdian deklaratu zuenetik. Biktimen elkarteei luze egin zaie denbora hau guztia, baina pozez hartu dute azkenean auzipetzeko erabakia: “Desiratzen geunden eta albiste bikaina da” azaldu du Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kideak. Asteartean prentsaurrekoa emango dute autoa sakonago baloratzeko.
Zehazki, 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen egindako sarraskiaren eta 1978ko Sanferminetako erasoaldiaren harira auzipetu du Servinik Martín Villa, Frankismoaren Krimenen kontrako kereila barruan, eta lau pertsonen heriotzaren arduradun egin du: Pedro María Martínez, Romualdo Barroso eta Francisco Aznar Gasteizko langileena, eta German Rodríguez LKIko militante iruindarrarena. Urte horietan Espainiako Gobernuko Sindikatu-harremanetarako ministro eta Gobernazio ministro izan zen Martín Villa, eta bere ardurapean beste hainbat hilketa eta sarraski ere gertatu ziren Euskal Herrian, tartean 1977ko Amnistiaren Aldeko Astekoak.
Baina inportanteena dena, hori guztia “gizateriaren aurkako krimenen” testuinguruan kokatu du epaile argentinarrak, preskribitzen ez duen delitua. ETBri Jose Antonio Bengoetxea EHUko zuzenbide katedradunak azaldu dionez, horrek “estrategia zabalgo batean” jartzen du auzia, jurisdikzioa “unibertsalki” zabaltzen baitu. Hala, “gizateriaren kontrako delitugilea epaitu daiteke edozein estatutan, estatu horrek onartzen badu jurisdikzio unibertsalaren printzipioa”, Bengoetxearen esanetan.
1977ko Amnistiaren Legea
Espainiako Justiziaren horma gainditu eta Martín Villa epaitzeko urrats garrantzitsua da honakoa, baina ez da erraza izango. Servinik 2014n inputatu zuen agintari frankista eta atxilotu eta estraditatzeko ere eskatu zion Interpoli. Bai Espainiako Ministroen kontseiluak, bai Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota zuten eskaria, 1977ko Amnistia Legea urratzen zuela esanez.
Auzipetze auto berri honekin –900 orrialde ditu–, 1977ko Amnistia Legeak ematen dion blindajea desarmatu nahi du Servinik, Bengoetxearen ustez jurisprudentzia unibertsalaren gaia “bidezkotuagoa eta ondo arrazoitua” baitago bertan. Baina ezin ahantzi dezakegu, epaileak berak aitortu moduan, “Trantsizioa” deiturikoaren ostetik frankismoaren egitura errepresiboak bere horretan jarraitu zuela Espainiako Estatuan, beste aginte politiko baten pean, eta Martín Villa epaitzea, Estatua bera auzitan jartzea litzatekeela.
Epaileak oraingoz Martín Villa behin-behinean espetxeratzetik salbuetsi badu ere –Argentinako Apelazio epaitegiak bere abokatuen eskari bat onartu zuelako zentzu horretan–, bere ondasunak enbargatzeko eskatu du, 10 milioi eurora arte. Ministro ohiak 70eko hamarkadatik gutxienez 45 banku eta enpresa multinazionaletan goi mailako karguak izan ditu. Martín Villak jadanik esan du helegitea jarriko diola Serviniren autoari.