Iraitz Lazkanoren lekukoa hartu du datozen lau urteetarako. Hautatu berriak adierazi du UEMA asko aldatu dela azken urteetan, eta tokiko errealitate berriei erantzun ahal izateko diagnostiko zehatzak egiten lan egingo duela UEMAk.
Martin Aramendi, Ataungo alkatea, UEMAren gidari da irailaren 23an lehendakari hautatu dutenetik. Berak uste du sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu duela, eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar duela honek: “Horretarako adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira”. Aramendik lehendakaria, lehendakariordea, eta zuzendaritza batzordea adostasunez onartu izana azpimarratu du batzar nagusian: “Alderdi eta kultura politiko ezberdinetako kideak daude ordezkatuta bertan, eta hori ere nabarmendu nahiko nuke. Azken batean, aurrera egingo badugu, elkarlana ezinbestekoa baita. Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere”.
UEMAk, datozen urteetan, ikerketa-lerroa indartuko du. Erakundearen asmoa diagnostiko zehatzak egitea da, ondoren tokian tokiko errealitateei hobeto erantzun ahal izateko. Aramendik batzarrean esan du UEMA asko aldatu dela azken urteotan, udalerri euskaldunen tipologia aldatu den neurrian, eta euskaldunen ezaugarriak ere aldatu direla. Udalerrietako egitasmoek aldaketa horiei erantzun behar diela azpimarratu du Aramendik.
Batzar nagusian UEMAren zuzendaritza osoa berritu dute. Lehendakari izango da Martin Aramendi (EH Bildu), lehendakariorde Irune Urbieta (EAJ) eta bederatzi batzarkideak: Dabid Anaut, Eneko Fernandez, Iratxe Lasa, Aitor Larrañaga, Asier Mingo eta Irati Urberuaga EH Bildukoak, Ainara Ipiñazar eta Idoia Odriozola EAJkoak, eta Larraitz Alkorta independentea.