argia.eus
INPRIMATU
Marten ur likidoa detektatu dute, izotz-azpiko aintzira handi bat
  • Marten izotz-azpiko aintzira handi bat detektatu dutela iragarri du Italiako ikertzaile-talde batek. Hego poloan aurkitu dute, izotz-azpian 1,5 km-ko sakoneran, eta 20 km inguruko zabalera du aintzirak. Science aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

Elhuyar @elhuyaraldizk 2018ko uztailaren 26a
Marteko hego poloa. Mars Expressek 2012an hartutako irudia. Arg. ESA/DLR/FU Berlin / Bill Dunford

Poloetako izotz-kaskoen azpian ur likidoa egon zitekeen susmoak bazeuden ere, orain arte ez da halakorik behatu. Orain, Mars Express zundan dagoen MARSIS radarrarekin egin dute aurkikuntza. 2012 eta 2015 bitartean, radarrak Planum Australe izeneko eremuan egindako hainbat neurketa aztertuta, ikusi dute kilometro eta erdiko izotz-geruzaren azpian bat-batean aldatzen dela radarraren seinalea. Eta eremu horretan radarrak ematen dituen profilak Antartikan eta Groenlandian dauden izotz-azpiko aintzirenen oso antzekoak dira. Hala, ondorioztatu dute Marten ere aintzira bat dagoela izotz-azpian.

Aintzira horretako uraren tenperatura uraren izozte-tenperatura baino txikiagoa dela uste dute ikertzaileek. Marteren gainazalean magnesioa, kaltzioa eta sodioa ohikoak direnez, horien gatzak uretan disolbatuta egotea ez litzateke arraroa, eta horrek, batetik, eta izotz-geruzaren presioak, bestetik, jaitsi egingo lukete uraren izozte-puntua.

“Marten aintzira handi bat egotea albiste garrantzitsua da; eta aukera irekitzen du, planetako beste leku batzuetan ere, gainazalaren azpian, beste aintzira batzuk egoteko, agian, sakonera txikiagoan”, dio Agustín Sánchez Lavega EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. “Eta ur likidoa badago, biziaren osagai funtsezkoetako bat izanik, nabarmen handitzen dira Marten bizia aurkitzeko aukerak”.

Albiste hau Elhuyar Aldizkariak argitaratu du eta CC-By-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.