argia.eus
INPRIMATU
Marta Igarriz euskal preso politikoa aske utzi dute
  • Hamabost urte eman ditu kartzelan preso hernaniarrak. Bere familiak auto-istripu larria jasan zuen 2017an, Castellóko espetxera bidean.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 29a
Igarriz etxekoekin batera. Argazkia: Etxerat

Marta Igarriz Izeta euskal preso politikoa Logroñoko espetxetik irten berri da, senideen eta lagunen harrerapean. Hala jakinarazi du Naiz atariak.

Duela bi urte lekualdatu zuten Errioxako espetxera, izan ere, aurretiaz Castellón egon zen preso, hamaika urtez. Bere senitartekoak auto istripu bat jasan zuten bertara bisitan zihoazela, 2017ko Gabonetan. Igarrizen amak saihets-hezurrak eta zerbikaletako orno bat hautsi zituen, eta beste bi zapalduta geratu zitzaizkion. Izebak bularrezurrean kalteak jasan zituen, eta bere ahizpak, aldiz, hainbat kolpe.

Ostera, bigarren graduan sailkatu eta Logroñora eraman zuten Igarriz. Geroztik, zenbait kartzela-baimen izan ditu. Ez diote baldintzapeko askatasunik eman izan nahi ordea, zigorraren hiru laurdenak gainditu arren. Gauza bera gertatzen zaie 2020an bertan askatuak izan behar luketen beste 80 euskal preso politikori.

Marlaskaren atzaparretan

Espainiako Poliziak 2005ean atxilotu zuen Hernanin, orduan Espainiako Audientzia Nazionaleko epaile zen Fernando Grande-Marlaskaren zuzendaritzapeko sarekada batean. Bi urte beranduago, epaitua eta kondenatua izan zen, ETAren "Donostia konplexua" delakoaren aurkako ahozko saioan. Besteak beste, Martuteneko kartzelan duela gutxi hil den Igor González Solarekin batera galdekatu zuten.