argia.eus
INPRIMATU
Marta Harnecker, gure maisu antikapitalista
  • Irakurle gazteen gehiengoari Marta Harnecker txiletarra ezezaguna egingo zaio. Gazte izan ginenontzat eta 60ko eta 70eko hamarkadan gure Herriko borroketan konprometitu ginenontzat, ordea, maisu antikapitalista izan zen.

Juan Mari Arregi 2019ko ekainaren 20a
Marta Harnecker ARGIArentzat 2013an Sustrai Colinarekin egindako elkarrizketan (argazkia.: Dani Blanco / ARGIA)

Ekainaren 15ean hil zen, baina heriotzak haren bizitza, konpromisoa eta irakaskuntzak gogorarazi dizkigu. Marta Harneckerrek 82 urterekin utzi gintuen Vancouverren (Kanada). Txilen diktadura ezarri zuen Pinocheten estatu kolpeak erbestera eraman zuen, lehenik Kubara eta gero Vancouverrera.

Kazetaria, psikologoa, soziologoa eta ekonomista, Harnecker intelektual komunista iraultzailea izan zen. Marxismoari buruzko liburuak idatzi ez ezik, militantziaz borrokatu zen Herria kapitalismoaren zapalkuntzatik askatzeko. Horregatik, Castro, Chaves, Evo Morales, Maduro eta antzeko iraultzaileak, hala nola langile mugimenduko liderrak eta Europako zein Euskal Herriko ezkertiarrak, bere ideien eta inteligentziaren zordun dira; baina batez ere bizitza aktibo, iraultzaile eta solidario eredugarri bat eraman zuelako izan behar dugu gogoan.

Louis Althusser pentsalari marxistaren dizipulu izan zen Harnecker, eta pedagogiarako zuen gaitasunari esker, asko izan ginen bere lanetara jo genuenak –batez ere “Materialismo historikoaren oinarrizko kontzeptuak” (1969), “Kapitala: funtsezko kontzeptuak” (1971) eta “Herriak armetan” (1973)– nazio eta klase borrokaren eremuan mugitzeko. Bere liburuek eta hezkuntza herrikoirako koadernoek baliagarri izaten jarraitzen dute, zapalkuntza kapitalistatik askatzeko borrokan aritzeko prest den ororentzat.

Gaur egungoentzat ere maisu antikapitalista eta solidarioa izan daiteke Harnecker, gure belaunaldiarentzat izan zen gisan. Eskerrik asko Marta, ez adiorik.