argia.eus
INPRIMATU
Marseillako protestetan beste gazte bat hil da, Poliziaren pilotakada jaso ostean
  • Nahelen hilketaren harira piztu diren protestetan, larunbatetik igandera 27 urteko gazte bat hil da Marseillan, motoan zihoala Poliziaren gomazko pilota batek bularraldean jo ostean. Gaztea ziurrenik horren ondorioz hil dela onartu du Fiskaltzak eta ikerketa zabalik da. Bestalde, Nahelen familiarentzako diru-bilketa baino 800.000 euro gehiago jaso ditu Nahel tirokatu zuen poliziaren aldeko diru-bilketak, eta polemika sortu du gaiak.

ARGIA @argia 2023ko uztailaren 05a
Oraingoz 3.500 atxilotu utzi dituzte protestek. Bigarren heriotza honek are gehiago berotu dezake giroa.

Nahelen hilketak mobilizazio, protesta eta istilu andana eragin du egunotan Frantziako Estatuan, Polizia gehiegikeria eta arrazakeria salatu asmoz. Protestak are gehiago berotu daitezke, jakin ostean asteburuan bigarren gazte bat hil dela Marseillan eta La Marsellaise hedabideak astearte honetan azaleratu duenez, ikerketa abian duela Poliziak, gazte horrek Flash ball motako pilotakada jaso zuelako bularraldean.

Fiskaltzak dio ziurrenik Poliziaren pilotakadak hil duela gaztea, eta ez dela gai argitzeko ea gazte hori protestetan parte hartzen ari zen ala besterik gabe motoan igarotzen ari ote zen.

Heriotza horrez gain, zaurituak eta 3.500 atxilotu utzi dituzte protestek, Gobernuak 45.000 polizia mobilizatu ditu, eta interneterako sarbidea mugatu du toki batzuetan.

Eskuin muturraren diru-bilketa, milioi bat eurotik gora

17 urteko Naheli tiro egin eta hil egin zuen agentearen alde diru-bilketa hasi zuen Jean Messiha eskuin muturreko kazetariak, honako goiburuarekin: “Babesa Nanterreko poliziaren familiari, Florian M-k bere lana egin du eta orain prezio altua ordaintzen ari da. Babestu masiboki, babestu gure Polizia”. Bada, milioi bat euro baino gehiago jaso ditu astebetean.

Nahelen familiaren Leetchin hasitako diru-bilketak berriz, 230.000 euro jaso ditu, asteleheneko datuen arabera.