argia.eus
INPRIMATU
Marrubien ontasuna, bizitzak bizitza dakar
  • Aspaldi ez bezala gure etxean marrubiak (Fragaria x ananassa) jan eta jan ari gara udazkenaren sarrera ospakizun hauetan. Ez da gertaera makala, izan ere udazkena da marrubidian lanerako sasoi nagusia. Marrubidia osatu eta gaztetu edo erabat berritzeko landaketak orain egin ohi dira. Negu gorria edo beltza izango duten tokietan oraintxe eta negua badenik ere ia jabetzen ez diren itsasaldeko lurraldeetan urtea amaitu artean. Lorea eta fruitua eman eta eman ari den marrubi landarea negu atariko lan horiek egiteko sasoia ez zaiola etorri adierazten ari zaigu.

Jakoba Errekondo 2021eko urriaren 07a

Gurean ez zaie landareei inolako botika edo pozoinik ematen. Hori da, neurri batean oraindik eta hainbeste marrubi jaten aritzearen gakoetako bat. Andersson GKS, Rundlof M eta Smith HG ikerlari suediarrek 2012an argitaratu zuten Nekazaritza ekologikoak polinizazioaren arrakasta hobetzen du marrubietan izeneko ikerketan argi diote: baldintza beretan nekazaritza konbentzionalean edo industrialean (pozoin eta ongarri kimikoak erabiliz) eta ekologikoan landutako bi sail bereizietan ekologikoan hazitako loreen %45 polinizatu eta ernaldu zen eta konbentzionalean %17 besterik ez. Hau da, ekologikoan polinizatzera etorri behar duen intsektua ere sustatzen da.

Marrubiaren polinizazioan kakalardoak, zimitzak, liztorrak, erleak, erlastarrak, erlemandoak eta tximeletak aritzen direla dio Albano S. jaunak Portugalgo Ribatejon egin eta 2009an Advances in Horticultural Science aldizkarian argitaratutako ikerketan. Ekologikoki zaindutako sailean bizitza ugariagoa da, eta bizitza gehiago dakar: polinizatzaile gehiago, marrubi gehiago, osasun gehiago eta abar. Marrubidi ekologikoak inguruan lore gehiago du, landare aniztasun oparoagoa, eta horrek berak polinizatzaile gehiago dakar. Ingurumena zainduz, kalitate hobeagoko marrubiak izango ditugu, eta batez ere gozoagoak, zaporetsuagoak eta dasta hobeagokoak!

Marrubiak beste begi batzuekin ere ikusi dituzte zientzialari gehiagok. Espainiako estatuan hiritar zientzia deritzon proiektu bat sortu dute. Marrubi landareak banatu eta hilebete pare batez balkoian edo leiho koskan eduki ondoren bere hostoen laginak jaso dira. Marrubien hostoen ezaugarri magnetikoak direla medio bertan pilatzen diren metal kutsakorren kontzentrazioa eta airearen kalitatea neurtzea izan da helburua. Gasteizko hiritar mordoxkak parte hartu du ikerketan eta bere marrubien hostoek diote hirian kutsadura dezentekoa dela (Vigilantesdelaire.ibercibis.es webean topatuko duzue).

Kutsadurari aurre egiteko landareak jartzea bezalakorik ez da, eta esan dut, oraintxe da marrubiak jartzeko sasoia. Landareak udara osoan herrestadarrak luzatu, eta lurra ukitzen duen tokian landare berria sortuko du. Moztu landaretxo gazte horiek eta landatu. Lehengoen tartean edo toki berri batean landatu. 30-35 cm-ko tartea utzi eta azpia pinu orriz edo pinu lumaz estali, lodi.

Ontasun asko du marrubiak, eta landareen hizkuntzan horixe adierazten du: ontasun biribila.