argia.eus
INPRIMATU
Marrubi goxoaren atzean giro garratza
  • Huelvako sasoiko langileen baldintzak gero eta okerragoak dira. Abusuak gora egin ahala zigorgabetasunak behera.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko ekainaren 08a
Sasoiko langile marokoarrak (Iturria: El PaĆ­s)

Pastori Filigrana sevillarrak zuzenbidea ikasi zuen eta harrezkero mota guztietako abusuen aurka borrokan dabil. Huelvan marrubi bilketan aritzen diren sasoiko langile marokoarrei egiten zaizkien abusu eta eraso sexualak tarteko, salaketa jarri berri du.

Marrubia diru iturri da Andaluzian eta milaka etorkinen ogibide da fruitu gorriaren bilketa. 80ko eta 90eko hamarkadetan, Espainiako ekonomiak izugarri egin zuen hobera eta lehen sektoreko ogibideak baztertzen hasi zen jendea. Horregatik, administrazio publikoak sasoiko langileen kontratazioa jarri zuen indarrean.

Sasoiko lehen langileak, Polonia, Errumania eta Bulgariakoak izan ziren. 2006. urteaz geroztik, emakume marokoarrak dira sasoiko langile gisara Huelvako lurretan marrubiak biltzen dihardutenak.

Marrubiaren patronalak arau batzuk ezartzen ditu eta horien artean baserri inguruko emakume izateaz at, ezkonduta, bananduta zein alargunduta egonez gero nahitaez frogatu behar izatea da.

“Konstituzioaren aurkako neurriak dira hauek”, dio Filigranak.

Duela gutxi, enpresari batek hainbat emakumez abusatu zuen eta eraso egin zien, eta ez da lehen aldia. Gainera, emakumeak lan baldintza guztiz kaskarretan ari dira: hamar ordutik gora pasatzen dute lanean; ez die uzten bazkaltzen eta ordu asko ez dizkie ordaintzen.

“Marokora bidaliko zaituztegu, putak!” bezalako esaldiak uneoro entzuten dituzte. Baina noiz arte? “Espainiako Gobernua isilik dago eta emakumeak egoera berean”, adierazi du Filigranak.