argia.eus
INPRIMATU
Marrazki bizidunetako hartz lesbianen kapitulua debekatzeko eskatu dute Italian
  • Peppa Pig haurrentzako telesailean bi ama dituen hartzatxoa ageri da kapitulu berrietako batean, eta berau debekatzeko eskatu dio RAI telebista publikoari Fratelli D’Italia alderdi politikoak. Eskuin muturraren beste ateraldi bat da, bai, baina italiarrek gainean dituzten hauteskundeetako inkestetan lehena dago alderdi homofoboa.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko irailaren 13a

Zentsura eskatzeko argudioak ez dira berriak: umeak ume direla eta bakean uzteko, genero adoktrinamendua dela haurrei bi amaz osatutako familia erakustea, txikienak “nahastu” egiten dituztela... Kanpainarekin bat egin du Famiglia Onlus “bizitzaren aldeko elkartea” delakoak eta marrazki bizidunetako “atal gay hori oso larria” dela esan dute, guraso asko direla haserre daudenak.

Eskaera barregarria dela erantzun dute gainerako alderdiek, oro har. Baina eskaera barregarri horren atzean, iraileko azken igandean hauteskundeak irabazi ditzakeen alderdiaren profil beldurgarria ageri zaigu –abantaila handia ematen diote azken inkestek–.

LGBT komunitatea jomugan

LGBTI+ komunitatea egurtzea eta horretarako umeak aitzakiatzat hartzea botoak eskuratzeko amu ederra izan ohi da politikarientzat. Entzuna dugu aurretik ere, baina ez da onargarria: umeak tartean direlarik, sexu askapenaren aldarrikapen edo ikusgarritasun hutsak umeen inozentzia perbertitzen duela haizatzen dute batzuek, baina LGBT+ apologiatzat saldu nahi dutena beraien LGBT+fobiaren isla baino ez da, eta ez dira konturatzen kanon hegemonikoak bakarrik kontsumitzen dituzten haurrei zeinen baliagarri eta aberasgarria zaien ikustea abanikoa –eta mundua– zabalagoa dela, batez ere beren identitatea eraikitzen, osatzen eta ezagutzen ari diren sasoia izanik.