Urriaren 9tik 15era, Nazioarteko Diru Funtsa NDFk eta Munduko Bankuak urteroko bilkura egingo dute. Aurten Marrakexen (Maroko) izango da eta, eta epe berean, mundu osoko eragileak eta mugimenduak biltzera deitu ditu zor ez-legitimoen kontrako batzordeak, "jardun neoliberal eta kapitalistak eta haiek eragindako kalteak" salatzeko.
Ohar batez salatu dute NDF eta Munduko Bankua "boteretsuenen" konplize direla, eta "neoliberalismoak eta kapitalismoak eragindako ezberdintasun sozialen" sustatzaile. Besteak beste, azken hiru urteotako alderdi anitzetako krisiaren testuinguruan, Diru Funtsak ehundaka gobernurekin sinatutako akordioek hegoaldeko estatuen zorren krisia areagotu dutela salatu dute ekintzaileek.
Hegoaldeko estatuok pasa den mendearen bigarren erdialdetik "zor kolonialista eta despotikoak" izan dituzte bizkarrean, azaldu dutenez, eta horiek herritarren pobretzea eragin dute. Bai NDF baita Munduko Bankua ere pobretze horren erantzuletzat jo dituzte, "legez kanpoko zorrak deuseztatzeko saiakera oro ezeztatzen ari baitira", beste nazioarteko erakundeekin batera: besteak beste, G20 edota Parisko Kluba aipatu dituzte.
"Kapitalismoaren ankerkeriaren sustatzaile dira"
Bi instituzioek urtero egiten dute bilkura, normalean Washingtonen (AEB), baina hiru urtetik behin beste estatu kide batean. "Ez da kasualitatea aurten Marokon egitea: AEBen eta haren aliatuentzat ikasle ona da Maroko, neoliberalismoaren defentsa irmoa egiten duelako, baita Europako Batasuneko migrazio politika krudelak bete ere", salatu dute.
Hori guztiagatik, mundu osoko herritarren interesak babestuko dituen instituzio eredua defendatzera deitu dute, eta horretarako urriaren 9tik 15era bitartean Marrakexen bertan "kontra-gailurrean" parte hartzera animatu dute ekintzaile eta mugimendu oro. Aurrera begirako elkarlanerako abiapuntua izan daitekeela ere uste du batzordeak.