argia.eus
INPRIMATU
Maroto, migratzaile iruzurgilea?
  • Javier Maroto Gasteizko alkate izan zen 2011-2015 legegintzaldian. Hasierako urteetan, José Ángel Cuerdaren irudiko "guztion alkate" izan nahi zuela ematen zuen. Alderdiaren kontra eginez Garoñaren eta frackingaren aurka, gaztetxearekiko eta txosnekiko hitz onak, euskal gatazkari dagokionez oldarkeria maila jaitsita, EH Bildurekin akordioak eginda eta beste.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko uztailaren 30a
Marotoren hauteskunde kanpaina arrazistaren garaian Gasteizko alde Zaharrean itsatsitako horma-irudi bat.

2015-2019 hauteskunde kanpainan, alkatetza mantendu nahian, printzipio marxista ezagunenetako bati heldu zion sutsuki: "hauek dira nire printzipioak, ez badira gustukoak badut besterik". Grouchoren ateraldien marxismoa, ez Karlena. Arrazakeriak diskurtso ireki modernoak baino bozka gehiago emango ziolakoan, migratzaile pobretuen aurkako kanpaina xenofoboa abiatu zuen. Migratzaileak eta bereziki magrebtarrak prestazio sozialen pentsura eta lan egin gabe bizi nahi dutela, erroldan iruzur handiak daudela, Diru Sarrerak bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten migratzaile batzuk bertan bizi ere ez direla egiten... Epelak bota zituen 700 eurora heltzen ez den prestazioa jasotzen dutenen aurka B soldaten, Gurtel-en edo ate birakarien klaneko kideak. Zoritxarrez, gure jendartea ondo ezagutzen duela frogatu zuen: bozketan nabarmen egin zuen gora eta lehen indar politikoa izan zen alde handiz. Zorionez, gure jendartea ez duela hain ondo ezagutzen erakutsi zuen: hainbesteko amorrua, kezka eta erantzun herritarra piztu zuen bere aurka, alkatetza galdu zuela. Irudi gogoangarriak utziz historiarako, bide batez:

 

 

Baina Arabako PP Madrilgo talde nagusiarentzat harrobi bikaina dela berriz ere frogatuz, Marotok gora egin zuen alderdian. Eta Espainiako Kongresurako apirileko hauteskundeetan Arabatik aurkeztu zen, lanpostua ziurtzat emanez eta berriz ere bere aurpegi oldarkorrena agertuz. 2015ekoa porrota izan bazen, 2019koa... Maroto gixajoa. Araban diputatu posturik atera ez, eta gainera Pablo Casadok PPren estatuko porrotaren erantzuletzat seinalatu zuen, hauteskunde kanpainaren zuzendaritzatik ezabatuz. Aste batzuk desagertuta eman zituen Marotok, "erasanda oso" bere hurbilekoen esanetan, umiliazioaren digestioa egiten.

Adiorik ez, ordea. Hiru hilabete ez dituzte behar izan Marotok eta Casadok Gasteizko alkate ohia lehen lerrora ekartzen saiatzeko. Bozka bidez ezin, eta bide administratiboetatik egin dute senatari, Sotosalbos herrian erroldatuta, Gaztelako ordezkari amen (“ancha es Castilla”). 113 herritar ditu Sotosalbosek, eta Eldiario.es-ek jakinarazi duenez, Maroto ez da errolda egiteko ere joan Segoviako herrira.

Bizitzaren gora behera ironikoak: etorkizun hobe baten bila migratzen zutenen aurka egin zuenak; etorkizun hobe baten mesedetan migratu du (administratiboki, behintzat); ustezko erroldatze faltsuak salatzen zituena erroldatzean iruzurra egiteagatik salatu du Arabako SOS Arrazakeriak, eta ikerketa eskatu du Gaztela eta Leongo PSOEk. Migratzaile iruzurti, beraz, askoren ustez.

Egia, berak ez du ustezko iruzurra prestazio sozialen bizkarroi bizitzeko baliatu nahi, antza. Berak lan baten truke egiten du. Gaztelako eta Sotosalboseko herritarrei galdetuko nieke: "’Kanpotik’ etorritako zer pertsona mota nahiago duzue zuenean: enplegurik ez lortzeagatik hilero diru publikotik 670 euro jasoko dituena, edo Espainiako Senatuan lan egiteagatik hilero 6.000 euro inguruko soldata izango duena?”. Lanpostua "bertako" gaztelar bati kenduta, gainera. Mihi gaiztoren batek galderari galderarekin erantzungo lioke, agian: “Esaldi berean senatua eta lana: oximorona ez al da hori?”. Gaztelarrek ez baitakite, katalanek ez bezala, batzuetan senatuan lan egiten dela, erruz. Espainiaren batasuna auzitan dagoenean, esaterako.

Gaztelako eta Sotosalboseko herritarrei galdetuko nieke: "’Kanpotik’ etorritako zer pertsona mota nahiago duzue zuenean: enplegurik ez lortzeagatik hilero diru publikotik 670 euro jasoko dituena, edo Espainiako Senatuan lan egiteagatik hilero 6.000 euro inguruko soldata izango duena?”. Lanpostua "bertako" gaztelar bati kenduta, gainera

Marotok, bere alderdiak bezala, DBEaren kontrol zorrotzagoa exijitzen du. Gaur egun, onuradunek kontu korronteak interbenituta dituzte, enplegu bila ari direla frogatu behar dute, edozein aldaketaren berri eman behar dute 15 eguneko epean, Poliziak etxeak miatzen ditu ofizialki erroldatutako pertsona egiatan hor bizi den ziurtatzeko edo 670 euroak zertan gastatzen diren zelatatzen du Lanbidek –migratzaile adingabeak udalaren prestazioarekin “pravda zapatilak” erosten zituztela ziurtatu zuen Marotok–. Hori, datu ofizialek iruzurra %1era heltzen ez dela diotenean. Aurreiritzi interesatu hutsa izan daiteke, baina badirudi politikarien artean eta PPn zehazki iruzurra ehuneko horren gainetik dagoela, dezimaren batean behintzat. Iruzurrak iruzur senatura heltzen bada Maroto, norbaitek interbenituko al dizkio kontuak? Joan(go) al da Guardia Zibila Sotosalboseko etxea miatzera aurreabisurik gabe? Zelatatuko al du administrazioak guztion artean hilero ordainduko dizkiogun 6.000 euroak zertan xahutzen dituen jakiteko? Ziurtatuko al du inork senatuko bere lantokira agertzen dela?

Zeren zain dira Gaztelako eta Sotosalboseko herritar arrazista zintzoak, kanpotik helduta bertakoei lana lapurtu nahi dien migratzaile iruzurti horren aurka antolatzeko? Kanpainarentzat lelo egokia aurkitzea bada arazoa, Marotoren 2019ko kanpainakoa maileguan hartzea proposatzen diet: “Vitoria por encima de todo” (Gasteiz beste edozeren aurretik); “Sotosalbos, Castilla y España, por encima de todo”. Edo, "Ancha es Castilla, pero no tanto".