EAJk erabaki du Gorka Urtaran alkatetzarako hautagai gisa aurkeztea eta EH Bilduk babesa bermatu dionez, jeltzalea izango da Arabako hiriburuko alkate.
Ostiral arratsaldean baieztatu du erabakia EAJk eta horrenbestez, larunbatean izendatuko dute Urtaran Gasteizko alkate, bere alderdiko zinegotzien botoez gain EH Bildu, PSE-EE, Hemen Gaude eta Irabaziren botoekin.
EH Bilduren eskaintza
Azken momentura arte ez du argitu EAJk bere jarrera. Udal eta foru hauteskundeetan Arabako hiriburuan bigarren indarra izan den EH Bilduk egindako proposamenak mugitu du balantza azkenik: koalizio subiranistak adierazi du ez duela Arabako Foru Aldundian Ramiro Gonzalez jeltzalearen inbestidura oztopatuko.
Gasteizko Udalean bi aukera utzi dizkio hirugarren indarra izan den EAJri: EH Bilduko Miren Larrionen hautagaitza babestea edo bere hautagaitza aurkeztea. "Bigarren kasuan", gehitu du EH Bilduk ohar batean, "aski ezaguna den bezala, koalizioaren batzarrak berretsita, EH Bilduren babesa jasoko zuen hautagaitza horrek inbestidura egunean. uko egin dio alkatetzari, horrekin Javier Maroto alkatetzatik kentzeko".
Agintaldi polemikoa
Bozka gehiago lortzeko balio izan dion arren, PPko alkate Javier Marotok hautsak harrotu ditu bere agintaldian, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruz egindako adierazpenengatik. Etorkinek laguntza publiko horietan egindako ustezko iruzurrak jarri zituen eztabaida publikoaren erdian eta oposizioko alderdiek gogor kritikatu zuten horregatik.
Mugimendu sozial handia izan da Gasteizko hiriburuan, kulturartekotasunaren alde antolatu den Gora Gasteiz ekimena kasu. Gainera, hainbat sentsibilitate politiko ordezkatzen dituzten pertsonek alderdiei eskatu zieten Maroto agintetik kentzeko.