argia.eus
INPRIMATU
Marotok eta Alonsok diru publikoa enpresari baten mesedetan erabili al zuten?
  • PPko kide Javier Marotok eta Alfonso Alonsok azalpenak eman beharko dituzte Gasteizko Udalak 2007an Gonzalo Anton enpresariari alokatutako bi lokalengatik.

ARGIA @argia 2015eko otsailaren 24a
Alfonso Alonso, Javier Maroto eta 2007an Gasteizko Udalean zinegotzi ziren beste lau lagun martxoaren 5ean deitu ditu Espainiako Kontu Auzitegiak.

Alonso zen Gasteizko alkate orduan eta egun alkatea den Maroto, berriz, Ogasun zinegotzia. Bi alokairuak ikertu zituen batzorde batek ondorioztatu zuen “interes orokorraren kontra” sinatu zirela akordioak.

Horregatik, Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiak 440.000 euro inguru eskatzen dizkie Alonsori, Marotori eta Gasteizko Udalean zinegotzi izandako beste lau laguni, irregulartasunak eta atzerapen interesak kontuan hartuta.

Udalak hirukoitza ordaindu al du?

Duela zortzi urte Udalak Gonzalo Anton enpresari eta Alaveseko presidente ohiari bulego batzuk alokatu zizkion. Sei milioi euro ordaindu zizkioten Antoni.

Alokairuarengatik ordaindutakoaz aparte, 1,5 milioi euro ere ordaindu zituen Gasteizko Udalak bulegoetan egin ziren obretan.

EFE agentziak eskuratu duen Kontu Auzitegiaren barne dokumentu baten arabera, gehiegizko prezioa zen hori, urtebete lehenago, Antonek berak lokala erosi zuenean, 2,7 milioi pagatu baitzituen. Alegia, prezio horren ia hirukoitza ordaindu zuten agintari gasteiztarrek.

Gainera, Alonsok eta Antonek sinatutako alokairu kontratua 20 urterako blindatuta dago. Eteten baldin bada enpresariak 20 urte horien alokairua kobratzeko eskubidea izango luke Pedro Gorospek El Paísen idatzi duenaren arabera.

Merkatuko prezioetatik at adostu al zuten?

Operazioa susmagarria bihurtu zen kontratua sinatu baino hilabete lehenago. Antonek Udalari idatzi zion, adieraziz Ogasun sailetik jaso zuen proposamena ez zela aurretik adostutakoa –hilean 18.500 euro kobratu nahi zituen enpresariak, BEZ zerga alde batera utzita; udal teknikariek 10.100 baino gehiago ez ordaintzeko aholkatu zuten–.

Azkenean Udalak zera egin zuen: 12.500 euroko hileroko kuotak ezarri, teknikarien aholkuetara hurbiltzeko; eta urtero Kontsumorako Prezioen Indizearen hazkundea baino %9 gehiago ordaintzea programatu, hartara sei milioira iritsi ahal izateko.

Alonso ez da zitaziora joango

PPren iturriak aipatuz EFE agentziak aurreratu duenez, Gasteizko alkate ohia –egun Espainiako Osasun ministroa– ez da joango Kontu Auzitegiak martxoaren 5erako egin dion zitaziora. Bere ordez, abokatu bat bidaliko du.

EITBk jaso dituen adierazpenetan, Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiak adierazi du ez daukala “inolako dudarik” Alonsok eta bere taldeko kide izandakoek “beharrezko” azalpenak emango dituztela.

Informazio gehiago:

Arabako erakunde publikoei lotuta atzeman diren balizko ustelkeria kasuak eta gestio desegokiak bildu ditu Adi elkarteak.