Botereari eusteko edozerk ez duela balio eta Javier Marotok marra gorria aspaldi gurutzatu zuela uste du gasteiztar askok. Hiritarrek ez dutela halako alkaterik merezi iritzita, sinadura bilketa abiatu dute, gainerako alderdiei eskatuz bat egin dezatela Maroto alkate izatea saihesteko.
Ez dirudi alderdiak horretan ados jarriko direnik, baina herritarrek argi utzi nahi dute euren jarrera, ez daudelako prest hiriburua xenofobia eta arrazakeriarekin lotzeko: “Hauteskunde batzuk irabaztea ez da zilegitasunaren, gizatasunaren edo justiziaren neurri. Nahiz eta Alderdi Popularra izan den bozka gehien jaso dituen alderdia, Gasteizko hiritarrok, oro har, pertsona guztientzat gobernatuko duen Udal baten alde egin dugu: gehiago gara, askoz gehiago (eta botoek ere horrela adierazi dute) hiri anitz, ezberdin eta koloretsua nahi dugunok. Hiri bat non pertsona guztien eskubide guztiak defendatuko diren”.
Ruben Sánchez Bakaikoa gasteiztarrak dioen moduan, Marotok hiria polarizatu du. Maroto efektuak botoak lortu ditu, “baina kontrako irakurketa ere badakar: Marotori botoa eman ez diogun guztiok ez gara Marotozale, antimaroto baizik”.
Marotoren hordago arriskutsua
Hordagoa handira bota zuen Marotok, gizakion instintu ankerrenekin jokatuz, hasieratik jakin arren farol bat zela: izan ere, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta –errentaren baldintzak kolektibo jakin bati mugatzeko kanpaina egin du– ez da bere eskumena, Eusko Legebiltzarrarena baizik, eta Legebiltzarreko gainerako alderdi guztiek argi utzi dute ez dutela inolaz ere Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta ukituko.
Kartak agerian, botoak bai, baina ernegazioa eta zatiketa ere eragin du gizartean, bere ardura politikoagatik elkarbizitzaren alde lan egin beharko zukeenean. Jokaldia irabazi duen arren, lau urteko partida luzea du aurretik –alkatetza lortu edo ez–.