argia.eus
INPRIMATU
Kalamuaren negozioa legeztatzeko pausoak ematen ari dira Marokon
  • Maroko ordura arte bere kontroletik kanpo zen kalamu-merkatuaren erregulatzaile bihurtu da, ad hoc sortutako agentzia bat martxan jarrita. Adierazi dutenez, helburua da lanbide honetako katebegirik ahulena diren "kif" edo kalamu-polen landatzaileen lan-baldintzak hobetzea.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 13a
Milaka marokiar bizi dira kanabisaren laborantza eta komertzioari lotuak.

Uztailaren 2an egin dute ANRAC izeneko agentziaren lehen bilera (Kanabisarekin Loturiko Aktibitateen Erregulaziorako Agentzia Nazionala, frantsesezko sigletan) eta bertan ziren herrialdeko zenbait ministro, TelQuel aldizkari marokoarrak jaso duenez.

Herrialdeak duela urtebete onartu zuen legez autorizatzea "kalamu medizinala, kosmetikoa eta industriala", eta horrekin kif kultibatzaileei beste estatus bat lortzen lagundu nahi omen diete. Oraingoz, herrialdearen iparraldean dauden ondorengo probintziei eragingo die ezarritako sistema berriak: Al-Hoceima, Xauen eta Taounate.

NBE-k emandako datuen arabera, Maroko da munduko kalamu erretxin produktore handiena.

Agentzia honen bidez, estatuak kalamuaren produkzioaren inguruan agente nazional eta nazioartekoak kokatu nahi ditu, jakitun merkatu honek dirutza mugitzen duela. Courrier Internationalek jaso duenez, helburua izan daiteke eskualde horietan pabilioi industrialak eraikitzea kalamu zelaien ondoan. Oraindik ez da lehen proiektua sortu, baina Pharma 5 izeneko farmazia-laborategi marokoarrak dagoeneko proposatu du proiektu bat.

Lanpostuak sortzeaz gain, Barne Ministerioak espero du kif-aren legezko merkatuak eragingo lituzkeen esportazioen bidez 4.200 eta 6.300 milioi dolar artean eragin ditzakeela 2028rako.

"Orain arte, erretxina droga trafikatzaileei saltzen zieten laborariek fakturazio klandestinoaren %4 soilik eskuratzen zuten –dio aldizkari marokoarrak–, Gobernuak espero du tasa hori %12ra igotzea boterea eta negoziatzeko indarra nekazari lokalen eskuetan jarriz gero". Marokoren asmoa omen da "nekazariak trafikatzaile eta sare mafiosoen eskuetatik libratzea".

Tel Quel aldizkariak beste artikulu batean aipatzen duen Prohibition Partners elkartearen ikerketa baten arabera, kalamuaren laborantzak eta komertzioak 90.000 eta 140.000 familia artean sostengatzen ditu Marokon.