argia.eus
INPRIMATU
2.100 dira momentuz zenbatutako hildakoak Marokoko lurrikaran
  • Ostiral gauean izan zen lurrikara, eta azken datuaren arabera 2.000 pertsona baino gehiago hil eta beste hainbeste zauritu dira, gehienak oso larri. Erreskate lanetan dihardute “larrialdietako zerbitzu guztiek”, eta astelehena erabakigarria izango dela gogorarazi dute, 72 ordutik aurrera hondakin azpian dauden herritarrak bizirik ateratzeko aukera asko murrizten baita.

Leire Artola Arin 2023ko irailaren 11
OMEren esanetan 300.000 pertsona kaltetu ditu lurrikarak. / Argazkia: EITB Media.

Milaka herritar kalean lo egiten ari dira, lurrikararen erreplika gehiagoren beldur. Ostiralean 23:11eetan Richter eskalako 6,9 graduko lurrikarak astindu zuen Maroko, eta ordutik larrialdi egoeran bizi dira herritarrak. Gutxienez 2.122 lagun hil dira eta beste 2.421 zauritu, horietatik 1.404 “oso larri”, Marokoko Barne Ministerioaren azken datuen arabera. Marokoko Geofisika Institutuak baieztatu duenez, “ehunka erreplika” izan dira, baina ez lehena bezain indartsuak.

Lurrikararen epizentroa Ighil herrian izan zen, Marrakextik 70 kilometro hegoaldera, Al Haouz probintzian. Datu ofizialen arabera, probintzia hauetan eragin ditu hildakoak: Al Haouzen 1.293, Tarudanten 452, Txitxauan 191, Uarzazaten 41, Marrakexen 15, Azilalen 11, Agadirren 5, Casablancan 3, eta Al Yussufian eta Tingirren bana. Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, 300.000 pertsona baino gehiago kaltetu ditu lurrikarak.

Marokoko Gobernuak lurrikara izan eta “berehala” martxan jarri zituen larrialdi eta laguntza zerbitzu guztiak. Erreskate lanetan dabiltza oraindik, eta ohartarazi dute astelehena erabakigarria izango dela eraitsi diren etxe eta eraikinen hondakinen artean harrapatuta daudenak bizirik ateratzeko, kontuan izanda pasatzear daudela 72 ordu lurrikaratik. Kaltetutako mendialdeko herrixketako biztanleak, ordea, kexu dira laguntza iristen ez dela esanez, Mikel Ayestaran kazetariak bertatik kontatu duenez: herritarrak eurak ari dira senitartekoen gorpuak hondakinen artetik ateratzen, bizilagunen eta boluntarioen laguntzaz.

Nazioarteko laguntza

Ospitaleak zaurituz beteta daudenez, Casablancako Mohamed VI Ospitalean odol transfusio zentro bat ireki dute, eta 18 urtetik gorako herritarrak deitu dituzte odola ematera. Nazioartetik laguntza eskaintzen ari dira Marokora, eta hainbat GKEk ere dohaintzak egiteko aukera zabaldu dute. Aljeriako Gobernuak aire espazioa berriro ireki du laguntza bideratzeko, eta nahiz eta bi gobernuen artean harreman gatazkatsua egon, hondamendian laguntza ahalbidetu dute.

Dena den, gobernuak momentuz Espainiako, Erresuma Batuko, Arabiar Emirerrietako eta Qatarreko laguntza baimendu du soilik. Nazioarteko zenbait erreskate talde Marokoko Gobernuaren oniritziaren zain daude, hara abiatzeko. Zenbait eragilek azpimarratu dute bermatu behar dela eskainitako baliabide horiek herritarrei iristen zaizkiela.

Atlas mendilerroan arrunta izan ohi da plaka tektonikoen arteko mugimendua, baina ez ostiralekoaren tamainako lurrikararik. Azken hamarkadetan hondamendi handiena eragin duena izan dela adierazi dute adituek.