Ekintzaile sahararrek salatu dutenez, azken orduotan dozenaka saharar atxilotu dituzte Mendebaldeko Saharan Marokoko segurtasun indarren operazioetan, Guerguerateko protesta zibilen aurka Marokok egindako esku-hartze militarraren ondorioz tentsioa areagotu den honetan. Fronte Polisarioak jakinarazi du Marokoren zazpi base eraso dituztela.
Ostiralean, Marokok operazio militarra abiatu zuen Guerguerat inguruan. Indar Armatuen Estatu Nagusiak iragarri zuen "segurtasun hesi bat" ezarri zutela Guerguerateko pasabidean, saharar zibilen protesten ostean. Fronte Polisarioaren ustez, ekintza hori 1991n abiatutako su-etenaren urraketa da eta ondorioz, hautsitzat jo du akordioa eta gerra egoera ezartzea erabaki du. Brahim Ghali SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak hartu zuen erabakia, eta dei egin nahi izan die bere indar armatuei "segurtasun nazionalaren kontrola" hartzeko. Horregatik, Marokok eraikitako "segurtasun harresian" zehar dauden postu militar marokoarren aurka hainbat eraso egin ditu asteburuan.
Marokoko okupazio indarrek dozenaka gazte atxilotu, tratu txarrak eman eta torturatu dituztela salatu dute hainbat sahararrek asteburuan. Equipe Media Giza Eskubideen erakundeak jakinarazi duenez, Maroko nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen ari da. Marokok, bestalde, jakinarazi du ez ziela zibilei eraso, Fronte Polisarioak kontrakoa dioen arren. Marokok su-etenaren akordioa urratu zuenean irtenbide baketsu baterako aukerak galdu zituela sinesten du Mohamed Mohamed Eluali Akeik SEADeko lehen ministroak, Berria-ri adierazi zioen moduan. Ziurtatu du bakera bueltatzeko akordio guztiak mahai gainean daudela, baita borroka armatua ere.
Special commandos break into Sahrawi homes. Dozens of youth have been arrested, mistreated and tortured by the Moroccan occupation forces conducting a campaign of mass arrests. Morocco is violating International Humanitarian Law and MINURSO chooses to stay silent#WesternSahara pic.twitter.com/Lezs2SEEYs
— Equipe Media (@Equipe_Media) November 15, 2020
Manifestazioen eta protesten berri eman dute Aaiunen, Marokok kontrolpean duen Mendebaldeko Saharako hiriburuan eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren banderak erakutsi dituzte. Segurtasun indarrek erantzun egin dute eta gutxienez zazpi gazte ekintzaile atxilotu dituzte, Equipe Mediaren arabera. Larunbatean, azaroaren 14an, mobilizazioen bigarren eguna izan zen Aaiunen. Bestalde, Nushatta Fundazioak, Mendebaldeko Saharan egoitza duen Giza Eskubideen aldeko erakundeak, Marokoko okupazio indarrek sahararren etxeei egindako erasoak salatu ditu.
Europako Batzordearen eta Nazio Batuen Erakundearen erantzuna
Josep Borrell Europako Batzordeko lehendakariordea Nasser Bourita eta Sabri Boukadoum Marokoko Erresumako Kanpo Arazoetako ministroekin bildu da igande honetan, azaroaren 15ean, El Guerguerat inguruan izandako azken gertakarien inguruan hitz egiteko.
Goi-ordezkariak 1991tik indarrean dauden su-eten akordioak errespetatzeari funtsezko garrantzia eman dio, eta berretsi du EBk erabateko babesa ematen diela MINURSOk, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak, horretarako egiten dituen ahaleginei. Marokoko Kanpo Harremanetarako ministroak bere herrialdeak su-etena errespetatzeko duen konpromisoa ziurtatu dio goi-ordezkariari.