argia.eus
INPRIMATU
Marokoko armada Sahararen hegoaldean sartu da gerra arriskua handituz
  • Duela hiru aste baino gehiago han dira ehunka saharar herritar, Maroko eta Mauritaniaren arteko sarbide komertzial bakarra blokeatzen. Fronte Polisariok nazioarteko eragileen arreta deitu nahi izan du modu horretan, salatuz NBEko misioa –Minurso– han dela 1991tik, baina honek ez duela autodeterminazio erreferenduma antolatzeko urratsik egin.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 13a
Polisarioaren postu bat Guerguerateko errepidean.

Polisarioaren ustez, Maroko korridore horren legez kanpoko erabilera egiten ari da, 1991n sinatutako su-etenaren arabera, su-etena babesteko baino erabili behar ez litzatekeen eremua baita, eta ez Europara era guztietako merkantziak garraiatzen dituen pasagune gisa. Polisarioak adierazi duenez, ez da odol isuririk izan Guerguerateko errepide honetan, horrelakorik saihesteko berak atera dituelako handik bertan protestan ziren herritar sahararrak.

Iragan urriaren 30ean NBEko Segurtasun Kontseiluak Minursoren agintaldia berritu zuen, baina ebazpenaren testuan ez zuen erreferendum hitza aipatu ere egin, Rabat pozarren utziz, azken urteotan ohikoa den bezala. Fronte Polisario, ordea, oso haserre agertu da eta Segurtasun Kontseiluaren "ekintza ezak" bere borroka "areagotzeko" aukera baino ez diola uzten ohartarazi du. Efe agentziari bidalitako agirian jakinarazi duenez, dagoeneko hiru eremutan zulatu du Marokok eraikitako harresia, 220 kilometrorekin munduko luzeena.

Fronte Polisario aspaldi ari da esaten erreferendumaren antolaketan urratsik ez badago, gerra egoerara itzultzeko arriskua oso handia dela. Egunotan adierazi du Marokoko armada  Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren eremu askeetan sartzen bada, “tinkotasun handienarekin” erantzungo duela.