argia.eus
INPRIMATU
Marokok “inolako azalpenik eman gabe” El Aaiunen sartzea eragotzi die Eusko Legebiltzarreko ordezkariei
  • Mendebaldeko Saharako giza-eskubideen egoeraren azterketa egiteko bidaia egin dute Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko kide batzuek. Hegazkinetik ezin izan dute jaitsi ere egin. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute.

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 29a
Euskal ordezkaritza Noaingo aeroportuan bueltan Eusko Legebiltzarra

Marokoko Gobernuak Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariei El Aaiunera sartzea eragotzi die, eta azalpenik eman gabe berehala kanporatu ditu. Hogei bat lagun, tartean Nafarroako elkarteetako kideak, hainbat parlamentari eta Unai Hualde foru ganberako presidentea Noaingo aireportuko terminalean bildu dira bandera sahararrarekin, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetara bidaiatu den taldeari harrera egin eta Marokok ezartzen duen blokeo informatiboa salatzeko.

Mikel Arruabarrena (EAJ), Amancay Villalba (EH Bildu) eta Jon Hernandez (Sumar) legebiltzarkideek osatu dute ordezkaritza, baita Euskal Fondoa elkarteko hainbat ordezkarik ere. Lurralde okupatuetako errealitatea bertatik bertara ezagutzea eta sahararren egoera ebaluatzea zuten helburu, baina Marokoko agintariek hegazkinetik jaistea eragotzi diete eta berehala itzultzera behartu dituzte.

Hegazkinetik jaistea galarazi diete legebiltzarkideei. Amancay Amets Villalba

Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute itzuli aurretik, eta gogorarazi dute ez dela zonaldera sartzea galarazten zaien lehen aldia.  Amancay Villalbak ondorengoa adierazi du sare sozialetan: "Ezin izan gara El Aaiunera sartu, Marokok sarrera ukatu digulako. Ez dute haien okupazioren eta giza eskubideen urraketaren testigantzarik nahi. Marakoren jarrera salatu nahi dugu. Ez dugu amore emango eta tinko jarraituko dugu Sahararen independentzia defendatzen". Jon Hernandezek ere Marokoko Poliziaren jokabidea kritikatu du, "inolako azalpenik gabe" kanporatu dituztela nabarmenduta.