argia.eus
INPRIMATU
Marlaskak ez ditu Zabalzari buruzko dokumentuak desklasifikatuko
  • Fernando Grande-Marlaska ministroak Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko prozesuan parte hartzeko eskaera baztertu du, eta erantzukizun guztia auzitegien esku utzi du. Hortaz, ez ditu dokumentuak desklasifikatuko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko martxoaren 18a

EAJk Espainiako Barne ministroa galdekatu du Espainiako Gobernuaren kontrol saioan. Aitor Esteban bozeramaileak kasuaren inguruko dokumentuak desklasifikatzea proposatu dio, horretarako eskumena duen erakundea baita.

Baina Fernando Grande-Marlaskak auzitegietan jarri du berriro Mikel Zabalzaren kasuan egia bilatzeko ardura. "Ezin dugu ikerketa paralelorik egin", azpimarratu du Grande-Marlaskak. Eztabaidaren amaieran, iradiko du auzitegiek desklasifikazio hori erreklamatuko balute, aztertuko luketela, eta, kasu horretan, froga horiek "existitzen diren" aztertu beharko luketela gaineratu du.

Bere garaian guardia zibilen aurkako epaiketa hasteko froga nahikorik ez zela egon esan du. Non Dago Mikel-en zuzendarien ikerketari esker argitaratutako audioari dagokionez, ministroak garrantzia kendu dio: "Audioaren berri izan dugu, baina ez edukiarena, aurretik agertu zelako eta baloratua izan zelako".

"Ikerketa judiziala zehatza izan zen, eta orain berriz irekitzea ala ez aztertu beharko da", adierazi du. Ikerketa "luzea", "konplexua" eta "xehatua" izan zela esan du, baina ez du kontuan hartu Auzitegi Nazionaleko eta Gipuzkoako Auzitegiko hainbat auzitegik ez zutela Perote eta Gomez-Nietoren audioa ezta haren idatzizko transkripzioa ere kontuan hartu.