argia.eus
INPRIMATU
Marlaskak dio ez duela gerturatze eskaerarik jaso euskal preso politikoen aldetik
  • Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne Ministroak adierazi du “kasuz kasu” aztertuko dela euskal preso politikoen gerturatzea Euskal Herriko kartzeletara, baina oraindik ez dela elkartu lanketa batzordea gerturatze horiek aztertzeko.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko uztailaren 18a
Argazkia: RTVE.es

Espainiako irrati publikoan egindako adierazpenetan gobernuaren “gardentasuna” defenditu du gai honi dagokionez. Barne ministroak dio euskal presoen gerturatzea behin eta berriz hedabideetan agertzen ari den arren, oraindik gerturatzerik ez dela egon.

Grande-Marlaskak adierazi du gerturatzeak “kasuz kasu” aztertuko direla eta “preso bakoitzaren egoera aztertuko dela” erabakia hartu baino lehen.

Era berean, ministroak argi utzi du gerturatzea ez dela “abantaila bat”, abantailak “beste gauza batzuk” direla. Dispertsio-politika ez dela espetxe-politika adierazi du, ETArekin bukatzeko “arrakasta” izan duen politika antiterrorista baizik.