argia.eus
INPRIMATU
Markel Olanoren aurkako kereila onartu dute, Realari 6,4 milioi euro barkatzeagatik
  • Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak tramitera onartu du Realeko presidente ohi Iñaki Badiolak Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren aurka jarririko kereila; “faltsifikazio eta prebarikazio” zantzuak atzeman ditu epaileak, futbol taldeari 6,4 milioi euroko zorra barkatzeagatik.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 16a
Iñaki Badiolak 80.000 euroko fidantza ordaindu beharko du auzia martxan jartzeko.

Gipuzkoako Diputazioak 2009an barkatu zion zorra Realari; EAJk eta Hamaikabatek osatutako Gobernua zegoen indarrean. Orduko beste zenbait karguren aurka ere egiten du kereilak: Kirol diputatu Iñaki Galdos, Ogasun legebiltzarkide Pello Gonzalez, Ogasuneko zuzendari ohi Pedro Ruiz de Azua eta Departamenduko goi-kargu Coro Pereiro Zabala.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak 2012ko otsailean argitaraturiko txostenak egin zuen publiko zor barkatzea. Orduan, Realeko kontseiluak argitu zuen “legeak aurreikusten dituen baldintzapean” barkatu zela zorra: “1982ko irizpide bati jarraiki, bazkideen ordainketen zati bat ez dago BEZari lotuta”.  

Hamabost egunen buruan ordaindu beharreko 80.000 euroko fidantza ezarri dio autoak Iñaki Badiolari, auzia martxan jar dadin. “Auziak erakunde publikoei eragin diezaiekeen prestigio galera eta kereila jarri duenaren egoera ekonomikoa kontuan izanda” ezarri da fidantza.