Uztailaren 8an eta 9an egingo da espainieratu zutenetik izango duen lehenbiziko epaiketa. Marixol Askatu ekimenak Iparragirreren askatasuna aldarrikatu du, egungo ziklo politikoan “epaiketa oro soberan” dagoela esanez.
Orotara hamabi kausa ditu irekiak Espainiako Auzitegi Nazionalak Marixol Iparragirrre eskoriatzarraren aurka. Uztaileko epaiketa 1995eko auzi bati lotua dago. Iazko irailean estraditatu zuen Iparragirre Frantziako Gobernuak Espainiako Estatura. Espetxeartua eta lehen graduan sailkatua dago ordutik.
Ostiral goizean Iparragirreren dozenaka lagun eta senidek agerraldia egin dute Marixol Askatu ekimenaren izenean. Arrasateko alkate ohi Ino Galparsorok eta Iparragirreren senide Olatz Albisuk hartu dute hitza. Gogoratu dute ETAko militanteak lau hamarkada eman dituela etxetik kanpo, eta ziurtatu dute ekarpen funtsezkoa egin zuela “Euskal Herria bake bidean jartzeko, besteak beste ETAren amaiera iragartzen zuen azken komunikatua berak irakurri baitzuen espetxetik. “Beharbada ez diote jardun hori barkatu nahi iraganeko logikara kateatuta segi nahi dutenek”, adierazi dute.
“Konponbide garaia”
Marixol Askatu ekimenaren irudiko bakea eta bizikidetzaren aldeko urratsak eman dituzte jendarteko sektore anitzek azken urteetan, baina “estatu aparatuak” kontrako norabidean doaz: “mendekuaren joko zitalarekin tematuta jarraitzen dute”. Iparragirreren aurkakoak ez ezik, “epaiketa oro soberan” dagoela adierazi dute: “Ez da kartzelak betetzeko garaia, batzuen eta besteen artean zubiak eraikitzekoa baizik, herri honek bake, bizikidetza eta askatasunean aurrera egin dezan. Marixol askatu, preso guztiak askatu. Konponbide garaia da”.