Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiguako Kalera Kalerak bihar Espainiaratuko dutela iragarri dute. Torturapean lortutako adierazpenak eta poliziak eraikitako frogak baliatuta Espainian berriz ere zigortua izateko arriskua dagoela salatu, eta bere askatasuna aldarrikatu dute.
Marixol Iparragirre Guenetxea euskal preso politikoaren egoeraren berri eman dute Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiguako Kalera Kalerak, ohar baten bidez. Hogei urteko espetxe zigorra ezarri zion Frantziako Estatuak Iparragirreri, eta abuztuaren 27an bete zuen. “Kalean beharko luke, bere etxekoen artean”, dio oharrak. Aitzitik, preso jarraitzen du: “Reauko kartzelan daukate, Espainiako epaileen eskuetan jartzeko bere aurkako hainbat euroagindu eta estradizio eskaera onartu zituelako Frantziak”.
Presoen aldeko elkarteen esanetan, orduko estradizio eskaerak “polizia-etxe eta Guardia Zibilaren kasernetan torturapean erauzitako aitorpenetan eta polizia zerbitzuek eraikitako frogetan” oinarritu ziren. Hedabideek orain eskaera horietan jasotzen diren akusazioak zabaltzen ari direla salatzen dute, “bere kartzelatzea ezinbesteko bihurtzeko giroa sortuz. Eta, alderantziz, bere askatasuna, eskandaluzkoa edota gertaezin”.
Espainian espetxeratze nahi horren atzean “arrazoi argi bat” atzematen dute herri ekimenek: “Euskal Herrian kosta ahala kosta eraikitzen ari den bake ekimena sabotatzea”. Aldiz, gogoratzen dute Iparragirre ekimen horren “eragile eta aktibo” nagusietako bat izan dela urteotan. Besteak beste, 2017an eta EPPKko ordezkari gisa Frantziako eta nazioarteko hainbat eragile eta pertsonarekin eginiko bilerak nabarmendu dituzte, edo ETAren desagertzea iragarri zuen agiriari ahotsa jarri izana. Oharraren arabera, Iparragirre aske geratzeak “gatazkaren konponketan urratsak” emateko aukerak indartuko lituzke.
Asteazkenean kontzentrazioa
Estraditatua eta Espainian berriz ere zigortua izateko arriskuaren aurrean, kontzentrazioa deitu dute asteazkeneko 19:30etan Eskoriatzan, herriko plazan, ‘‘Estradiziorik ez, Marixol etxera’’ lemapean.
“20 urte zituen Marixol Iparragirrek torturatu eta ihes egin behar izan zuenean. 38 urte igaro dira geroztik. Berak borrokatu zuen erakundea ez dago jadanik. 86 urte bete berri dituen bere ama Maria Luisa Guenetxeak, hitz egin zuten azken aldian, agindu argia eman zion alabari: “Marixol, etxera! Nik jada erabili ezin dudan aitzurra zain duzu etxeko baratza lantzeko!”.
Aspiazu, aldi baterako Espainiaratua
Astelehenean Frantziak Garikoitz Aspiazu Rubina euskal preso politikoa Espainiaratu zuen aldi baterako Espainiaratu zuen. Auzitegi Nazionalean epaituko dute Aspiazu, José María Lidón epailearen hilketarekin lotuta.