argia.eus
INPRIMATU
Maristen ikastetxeetan jasandako sexu abusuak salatu dituzte beste bost pertsonak Euskal Herrian
  • El País hedabideak egindako ikerketa batek azaleratu ditu maristen zentroetan egindako abusuak. Guztira, 18 kasu berri azaleratu dituzte, horietako bost Euskal Herrian gertatu dira, Erandioko, Bilboko, Iruñeko eta Artziniegako ikastetxeetan.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 28a

El País hedabideak maristen zentroetan ikasleei sexu abusuak egin zizkieten 23 erlijiosoren kasuak ikertu ditu. Guztira, 18 biktima berri aurkitu dituzte, horietako bost Euskal Herrian. Erandioko, Bilboko, Iruñeko eta Artziniegako kolegioetan Esteban Villalba Astarriagak eta Julián eta Francisco izeneko bi anaiek egindako abusuak salatu dituzte biktimek. Erasoak 1960 eta 1970eko hamarkadetan gertatu ziren. Maristek berriro eskatu dute “barkamena” hiru hamarkadetako abusuengatik. 

Hiru biktimek Esteban Villalba Astarriaga irakaslearen aurkako akusazioak egin dituzte. Ikasle ohietako batek Erandioko Jado Eskolen Fundazioaren zentroan jasandako abusuak salatu ditu, eta beste bik Bilboko El Salvador ikastetxean izandakoak. Halere, sare sozialetan beste bederatzi pertsonek egin dituzte El Pelamingas ezizeneko Villalba erlijiosoaren aurkako salaketak.

Villalba irakaslea eta saskibaloiko eta eskubaloiko entrenatzailea izan zen hainbat zentrotan. Burgosko, Logroñoko, Laredoko eta Valladolideko zentroez gain, Euskal Herriko hainbat ikastetxetan egon zen: Durangon, Zallan, Iruñean, Arren eta Artziniegan. J.B.R izeneko biktima bere ikaslea izan zen Erandion, 1964ko ikasturtean. Hamaika urte zituen erlijiosoaren erasoak jasan zituenean: "Zakila ukitzen zizun eskua praka motzen azpitik sartuz”. Biktimak erasoen ostean gertatutakoez ere egin dio hitz hedabideari, eta ikastetxearen ardura azpimarratu du: “Ez dut inoiz inorekin hitz egin, trauma gogorra izan da. Niretzat lotsagarriena ordenak [maristek] ezertarako erreakzionatu ez izana da, mundu guztiak ezagutzen zuen gertatutakoaren aurrean izan zuten pasibotasuna. Eskola utzi nuenean, bost urte geroago, irakaskuntzan jarraitzen zuen Villakbak, fama berarekin".

Álvaro Puerta Bilboko zentroko ikaslea izan zen, eta erlijiosoaren abusuak jasan zituen 1977 eta 1978 urteen artean, saskibaloiko taldean zegoenean. Komunikabideari adierazi dionez, Villalba “beti sartzen zen aldageletara entrenamentuen ostean”. Zentroko beste ikasle ohi batek ere 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hamarraldiaren hasieran ikastetxetik kanpo, zinema areto batean, sufritutako abusuak salatu ditu: “Bakarrik nengoen nire besaulkian. Alproja hau agertu zen eta aukera aprobetxatu zuen. Besoa nirearekin lotu, harengana tiratu eta nire ukondoa bere zakilean sartu zuen, eta horrela egon zen luzaroan igurtzika eta igurtzika, nekatu zen edo isuri zuen arte, ez dakit ".

Ikasle bera izan da Bilboko zentroan Francisco anaiaren erasoak salatu dituena: “Bere mahaira deitzen zintuen, irakurtzeko, eta bertan, eskua sartzen zizun. Garai horretan, bost edo sei urte nituen”. Artziniegako Juniorado zentroan ere, Francisco izeneko irakaslearen erasoak salatu ditu ikasle ohi batek. Akusazioa egin den zaharrenetarikoa da, erasoak 1961ean gertatu baitziren. Biktimak 10 urte zituen erasoak pairatu zituenean, Madrildik zetorren, eta ikastetxera heldu zenean, jarraian hasi ziren abusuak: “Logela bat zegoen eta batzuek pixa egiten zuten ohean. Aitzakia horrekin deitzen ziguten, ni azkena nintzen eta bera nire zain zegoen atean, arropategia izeneko gela batera eramaten ninduen”. Francisco erlijiosoak urtebetez “laztanak, besarkadak eta ukituak” egin zizkiola salatu du: "Izorratu egin naute. Zikinduta banengo bezala da, lagun batek baino ez daki, nire emazteari ere ez diot esan".

Barkamen eske

Maristen ikastetxe sareak biktimei “barkamena” eskatu die posta elektronikoaren bidez. El Paísek egindako ikerketaren harira, kasuak aztertzen ari dira, baina momentuz, ez dute informaziorik eman akusatuen inguruan. Izan ere, datuen babeserako legeak hori debekatzen duela azaldu dute. Zabaldutako informazioaren arabera jakin den bakarra da Enrique Villalba erasotzailea 2021eko urtarrilean hil zela.