argia.eus
INPRIMATU
Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute
  • Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako helegitearen inguruko erabakia laster ebatziko du auzitegiak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko urriaren 20a

"Ez dugu utziko gure herriari eta eskualdeari hainbeste enplegu eta aberastasun ekarri dion eredu kooperatiboa suntsitzea". Irmo azaldu dira Marinaledako jornalariak Andaluziako Juntaren asmoen aurrean. Los Humosos lursail ezagunean duela hamarkada asko martxan jarritako proiektu kooperatiboa arriskuan dagoela ohartarazi dute, Juntak lurrak saldu nahi baititu "merkatu prezioan".

Los Humosos lursaila Infantadoko Dukearena zen eta borroka eta okupazio askoren ostean jornalariek –SOC sindikatuak eta Juan Manuel Sánchez Gordillo sindikalista eta herriko alkateak gidatuta–, lortu zuten Andaluziako Juntak espropiatzea eta, ondoren terratenienteari erostea eta kontzesioan uztea duela 25 urte.

Lur publiko horiek Marinaledako proiektu komunal kooperatiboaren erdigune izan dira: 400 lanpostu baino gehiago sortu dituzte horren bidez eta eskualdeko ekonomiaren motorretako bat bihurtu da, kapitalismotik aldendutako eredu eraldatzaile batekin, nazioartean ere ezagun egin dena.

PP alderdiak Andaluziako Junta bereganatu ostean, 2021eko ekainean Los Humosos desalojatzeko eta hilabeteren buruan lurrak lantzeari uzteko agindua iritsi zitzaion Marinaleda Kooperatibari. Agindu horri helegitea jarri zioten denbora irabazi nahian, baina udazken honetan aurreikusten dute auzitegiak erabakiren bat ebaztea.

Enplegua eta aberastasuna sortu ditu lursailen okupazio eta lantzeak, ekonomia eraldatzailearen ildotik. Argazkia: Marinaleda Kooperatiba / María Dolores Martín Prieto.

"Ez dugu oparirik nahi, prezio justu bat baizik"

Marinaledako Kooperatibak azaldu duenez, Andaluziako Juntaren araudi berri batek aukera ematen dio Udalari lursaila lehentasunez erosteko: "Ekintza legal posible guztiak jarriko ditugu martxan erosketa hori egin ahal izateko eta egungo eredu kooperatiboarekin jarraitzeko", esan dute kooperatibako blogean zabalduriko ohar batean.

Baina salerosketa merkatu prezioan egitean ez ditu gauzak errazten. "Ez dugu inongo oparirik nahi –azaldu du Sánchez Gordillok– prezio justu bat baizik, espekulaziotik eta finantza funtsen interesetatik aldenduta, Andaluzian milaka hektarea lurren jabe egiten ari baitira". Bere esanetan, Marinaledak asko inbertitu du lur horietan 1992tik eta hori kontuan edukitzea nahi dute.

Hala, bide bakarra lurrak publiko izaten jarraitzea da euren ustez eta traspasoa "administraziotik administraziora egitea". Andaluziako Juntari eta Parlamentuari exijitu diete arazoari irtenbidea bilatzeko; eta erakunde eta eragile sozial eta sindikalei, berriz laguntza eta elkartasuna eskatu dizkiete, "lur publiko-komunitarioaren aldeko apustua egiten duen proiektu batentzako"