argia.eus
INPRIMATU
“Marika” aldarrikapen bat ere badelako
  • Intsumisio ezberdinei lotuta, jardunaldiak antolatu zituzten iaz Zizur Nagusian eta LGBT kolektiboak antolatutakoetan “marika” hitza erabiltzen zela-eta, polemika izan zuten, Udalak iraingarritzat jotzen zuelako. Orduan sortutako grinari segida eman diote aurten eta marika hitzaren atzean dagoen esangura abiapuntu, Marikaroa egin berri dute urtarrilean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko otsailaren 01

Marika iraina baino ez dela uste duenari erantzun diote jardunaldiek: kapitalismoak eta neoliberalismoak gay hitza asimilatu eta marika estigmatizatzearekin bat, queer mugimenduak bere egin zuen hitza eta esangura, heteroarauaren gustuko ez den bazterreko homosexualitate horren aldarri gisa. “Azken finean, estrategia politikoak dira, karga jakin bat duten hitzak desaktibatzeko estrategiak”, azaldu digu Marikaroaren antolakuntzan aritu den Xabi Sanchezek.

Marikaroa ez du kolektibo jakin batek antolatu, herri mugimendu zabal batek baizik, asanblea autonomo eta herrikoiak, “eta hori da politena”, nabarmendu digu Xabi Sanchezek. Besteak beste, LGBT borrokak historian eta baita gaur egun ere egiten dituen ekarpenez aritu dira, gizarte osoarentzat baliagarri diren ekarpenez, sexualitatea bizitzeko moduen eta bestelakoen inguruan gogoeta eta begirada berriak ekartzen dituelako sexu askapenak.

Saioak oso arrakastatsuak izan direla dio Sanchezek, jendez bete direla eta belaunaldi ezberdinen arteko topaketa interesgarria izan dela, lotura horren eta transmisioaren garrantzia agerian geratu delako.

Erasoei nola erantzun?

Kaleko erasoei nola erantzun eztabaidatzeko tailerra izan dute baita ere. Itziar Zigak gidatu du eta ahalduntzeaz eta autodefentsaz hitz egin dute. Vogue tailerra ere antolatu dute. 1970eko hamarkadan, New Yorkeko auzo marjinaletan bizi ziren komunitateetan, Vogue aldizkariko luxua parodiatuz pasarelak egiten zituzten, eta mugimendu hori berpiztu da orain: “Bazterretik lumari egindako omenaldia da, oso marika”. Iruñean bertan, Vogue eskola bat dago.

Nafarroan LGBT mugimendua indartsu dagoela dio Sanchezek, “antolatzen bagara, boterea dugula erakutsi dugu”, eta batez ere, “aukeraz betetako esparrua dugula aurretik, potentzialitate handia dugula, aliantzak garatzeko bide oso bat”. Aliantzetan eraikitako herrigintzan sinesten baitu Sanchezek.

Ondorengo argazkietan, pertsona transexualen borrokari buruz antolatutako saioaren argazkia eta Vogue tailerreko hainbat irudi: