argia.eus
INPRIMATU
Marieniako laborantza lurren defentsan hiru eguneko okupazioa egingo dute
  • Herriko lurrak etxebizitzen espekulaziorako salgai bihurtzearen kontra, Marienia Ez Hunki kolektiboak pausu bat gehiago eman nahi du borrokan, eta lurrak okupatuko dituzte hiru egunez.

Lide Iraola 2022ko urriaren 20a
Marienia Ez Hunki kolektiboak hiru eguneko okupazioa antolatu du / Argazkia: Euskal Irratiak

Marienia Ez Hunki kolektiboak Kanboko (Lapurdi) laborantza lurretan okupazio ekintza baterako deia egin dute datorren astebururako, herriko lurren defentsan eta etxebizitzen espekulazioaren kontra. Amaia Beyrie kolektiboko kideak Gure Irratia-n azaldu duenez, azkenaldian nabarmendu egin diren ezbehar naturalek argiago utzi dute laborantza lurren beharra. Esaterako, uholde mordoa izan dira Kanbon, eta lurrek ura xurgatzen dute. "Ez dugu hauturik, laborantza lurrak salbatu behar dira", esan du ekintzaileak.

Marieniako lurrez gain, Kanbon badira beste eremu batzuk –Ezker Pareta eta Arnaga pareko lurrak– galtzeko arriskuan direnak. Instituzioek etxebizitzen beharra dagoela argudiatu dute, baina Beyriek azaldu du dagoeneko martxan direla beste proiektu batzuk etxe andana eraikitzeko, eta ez dela laborantza lurrak suntsitzeko premiarik.

Ostiralean sartuko dira Marieniako lurretara, eta nabarmendu du horretarako komeni dela jende asko bertan izatea. Igandera bitartean, hitzaldiak, kultur ekitaldiak, manifestazioa eta topaketak egingo dira beste herrietako eragileekin. Arbonako herri mugimendua eredu dute, baina Frantziako Estatuko hainbat gatazketako ordezkariak ere gonbidatu dituzte, "egiteko moldeak elkar elikatzeko".

Kolektiboko kideak argi du irtenbide politikoen eta legeen beharra izango dutela lurrak babestu nahi badituzte. Beraz, okupazioak haiek sentsibilizatzeko ere balio behar duela. Baikor izateko aukerak daudela uste du, "jauntxo eta agintarien legitimitatea" geroz eta gehiago jartzen delako zalantzan.