argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Marienearaino eraginen duen epaia

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko azaroaren 13a
Frantziako Estatu Kontseiluaren ebazpena jakin bezain laster egindako prentsaurrekoa. Argazkia: Lurraren Altxamenduak

Lurraren Altxamenduak sarearen desegitea deuseztatzea erabaki du Frantziako Estatu Kontseiluak. Mugimendu horrek "ondasunen aurkako indarkeria" probokatzen duela berretsi arren, ilegalizazioa ez litzateke "neurri egokia, beharrezkoa eta egokitua". Berri ona da dozenaka elkarte batzen dituen herri dinamika ekologista horretako militanteentzat. Berri ona da, oro har, ekologismoarentzat, klimaren erronkak eskatzen duen erradikaltasunaren eta herri-babesaren elkarketarako bidea asmatu duelako dinamika berritzaile horrek. Agroindustriaren kontrako borroka "ekoterrorismotzat" joa den honetan, berri ona da Amalurrarentzat eta bere alde dabiltzan laborarientzat. Berri ona da Sainte-Soline herrian uraska handien aurka elkarturikoentzat, Poliziaren errepresio bortitzaren ondotik (gerrako armen erabilpena, bi aktibista koman, 200 kolpatu, dozenaka traumatizatu...), borroka horren zilegitasunaren berrespena delako, nonbait.

Berri ona da ere 2024ko martxoaren 12an epaituko dituzten Ostia kolektiboko lau militanteentzat. Estatu Kontseiluaren ebazpena jakin baino bi egun lehenago atxilotu zituzten Ipar Euskal Herriko militantzian aspaldiko ezagunak diren lau lapurtarrak. Etxebizitzaren arloan dabilen Bouygues enpresaren Angeluko bulegoak "hondatzea" leporatua zaie. Marienea ez hunki lelopean, hogei bat lagun sartu ziren Angeluko egoitzara iazko abenduan, lurrez eta lastoz betetako zego batzuekin eta Kanboko Marieneko lurretan enpresak duen eraikuntza proiektuaren maketa lurrez estali zuten. Horregatik epaituko dituzte. Berez arrisku handirik ez, baina, ezin jakin ikusirik Frantziako Gobernuak sustaturiko giro errepresiboa. Espekulazioaren aurka eta lurraren defentsan dabilen eragilea da Ostia, 2021eko Arbonako lurren okupazioan osaturikoa. Orduz geroztik, hor jarraitzen du, dela Senperen, dela Kanbon, behar-orduan legediaren babespean bideraturiko espekulazioaren logika salatzen. Ostia Lurraren Altxamenduak sarearen parte izanik, berri ona da Estatu Kontseiluaren ebazpena. Herritarren babesa duen ekintza izanda ere, ekintza sinbolikoa izanik ere, lurraren arazoak eta elikadura burujabetzaren beharrak zilegituriko ekintza izanik ere, "ekoterrorismoari" lotzeko argudio ezinhobea izanen zutelako Bouyguesen abokatuak eta prokuradoreak.