Asteazken gauean Brasilgo Rio de Jaineiroko erdigunetik auto batean zihoala, tiroz hil dute Marielle Franco, hiri hartako zinegotzia eta giza eskubideen aldeko ekintzailea.
Francok, Partido Socialismo y Libertad alderdikoa, 38 urte zituen eta Brasilgo Gobernuak Rio de Janeiron izan duen esku hartze militarra gogor kritikatzeagatik nabarmendu zen; hain justu, hiri hartako Maré favela txiroan jaioa zen. 2016ko Olinpiar Jokoez geroztik sorturiko protesten ondorioz poliziaren eta bestelako taldeen biolentzia etengabea jasan dute herritarrek Rio de Janeiroko toki askotan eta Franco esku hartze militarra fiskalizatzeko komisioko errelatorea zen.
Bereziki emakume beltzen eskubide zibilen alde jardun izan zen eta hain justu herri-klase horren inguruko ekitaldi batetik bueltan zihoala hil dute: "Gazte emakumezko beltzak: egiturak mugitzen" izena zuen asteazken gaueko ekitaldi afrofeministak. Erasoan autoaren gidaria ere hil dute, eta beste emakume bat zaurituta geratu da, Francoren aholkularia.
Erail aurreko egunean, ekintzaile feministak polizia militarrak eragindako beste gazte baten heriotza salatu zuen: "Zenbat gehiago hil behar dira?" dago idatzita oraindik bere Twitter kontuan.
Marielle Francoren hilketak samina zabaldu du Brasilgo giza eskubideen aldeko ekintzaile afrofeministen eta jende txiroaren artean eta manifestazioak deitu dituzte "genozidio beltza" salatzeko: "Mariele Presente!" leloa ere zabaldu da sare sozialetan:
Marielle Franco, PRESENTE! pic.twitter.com/cOiKMJ1iSG
— Mídia NINJA (@MidiaNINJA) 2018(e)ko martxoak 15