Marie-José Mialocq-ek Arbonako hauteskundeak bigarren aldiz irabazi ditu. 2020ko martxoko bozketan Beñat Arlaren zerrendak helegitea jarri zuen eta auzitegiak onartu. Uztailaren 18an egin dituzte hauteskundeak bigarren aldiz.
Mialocqek 704 boto lortu ditu eta ezkerreko abertzaleek parte hartzen zuten Beñat Arlaren zerrendak 601 boto. Parte-hartzeak gora egin du bigarren aldi honetan. 1.347 herritarrek eman dute botoa oraingoan eta 2020ko martxoan 997 izan ziren. Orduan zerrenda irabazleak 530 boto lortu zituen eta bigarrenak 416. Mialocqen taldeak hamabost ordezkari izango ditu herriko etxean eta Arlarenak lau.
Iazko martxoan Arlaren zerrendak helegitea jarri zuen, Mialocqen zerrendako boto paperetan Zigor Goieaskoetxea espainiar nazionalitatekoa zela ez zelako adierazten. Auzitegiek ontzat hartu zuten helegitea eta maiatzean hauteskundeak baliogabetuak zituen.
Zigor Goieaskoetxeak hala adierazi dio Ipar Euskal Herriko Hitzari: “Beldur zen ez zituela hauteskundeak irabaziko, eta beldurrak bultzaturik hartu ditu sobera deblauki erabakiak. Nahi izan gaitu tranpa batean sartu, eta, azkenean, bera erori da”.