argia.eus
INPRIMATU
Mariano Ferrer, kontzientzia kritikoa
  • Hitz hauekin esplikatu zuen duela urte batzuk zer zen Mariano Ferrerren lanaren funtsa kazetari donostiarra asko estimatzen ez zuen politikari batek: “Bere buruari ezarri dio herriaren kontzientzia kritikoa izateko zeregina”.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko uztailaren 15
Mariano Ferrer kazetari donostiarra uztailaren 14an hil da (argazkia: Dani Blanco).

Esaldiaz akordatu naiz bi arrazoirengatik: batetik, batzuetan arerioek deskalifikatzeko intentzioz egiten duten erretratua bihurtzen delako norbaitek jaso dezakeen laudoriorik politena; eta bestetik, argi uzten duelako kazetaritzak, letra larriz egiten denean behintzat, lagun bezainbeste kontrario ekartzen ahal dizkizula. Baina bidearen amaieran, Mariano Ferrerren ahotsa itzali denean, partidu honetako edo hartako gorbatekin izandako xextren gainetik ondare bat geratzen da, bizi osoa ofizioarekin konprometituta pasa duen norbaitena.

Nafarroako Unibertsitatean eta Madrilen ikasi ondoren, New Yorken amaitu zuen formazio akademikoa Ferrerrek. “Estatu Batuetan gizarte aurreratu batean bizi izan nintzen eta hedabideek boterearen aurrean exigentzia demokratikozko jarrera zuten. Hona iristean berriz, aurkitu nuen irrati bat ezin zuena informatu”, esplikatu zion Imanol Murua Uriari Lo que dije y lo que digo liburuan. “Nire buruari esan nion modu batera edo bestera informatu egingo genuela”. Eta 1971ko goiz batez mikrofono aurrean jarri zen, El Diario Vasco eta La Voz de España hartuta –ordu horretan ezin zen beste egunkaririk erosi– eguneko berriak irakurtzen hasteko, estilo pertsonal imitaezinean, albisteek zer dioten esplikatuz, baita kontatu ez dutena edo kontatu nahi izan ez dutena ere. Ia 35 urtez egin zuen, goizero-goizero.

Tartean Egin egunkariaren sorreran parte hartu eta zuzendari izan zen, egunkaria hartzen joan zen ildoarekin desados, eta 1977an ETAren atentatu bat kritikatuz idatzi zuen editorial bat medio, proiektua utzi zuen arte. 39 urterekin Herri Irratian zen berriz eta geroztik mikrofonotik bezainbeste hedatu zen Ferrerren ahotsa beste bideetatik: unibertsitatean, telebistan, Euskal Herriko hainbat hedabidetan jaso dituzte haren ekarpenak. Ahotsa, aurpegia eta luma jarri zituen Elkarriren 1994ko Bake Konferentzian edo 18/98 makroepaiketaren aurkako plataforman.

Banderarik gabe egin zuen, bandarik gabe, une bakoitzean kontzientziak diktatzen zionaren alboan jarriz. Jarrera etiko horrek ez dauka iraungitze-datarik, edozein modaren gainetik dago; gaurko eta biharko kazetarioi utzitako eredua da.

OHARRA: Mariano Ferrerren hileta-ekitaldi zibila asteartean egingo da, 19:30ean, Donostiako Gladis Enea parkeko Mandasko Dukearen jauregian.