Emaus Traperoak sozietate kooperatiboak 35 urte bete ditu Gipuzkoan. Irailaren 14an izan da urtemugaren ospakizuna. Marian Mugerzak bertan egiten du lan eta Zebrabidea irratsaioan izan da urteurrenaz eta orain arte izandako ibilbideaz jarduteko. Oraindik hondakinekiko ikuspegiari “buelta asko eman behar” dizkiogula iritzi dio.
“Trapero bizitza oso bitxia da. Bizimodu bat da, bizitza ulertzeko era bat. Mugimenduan lanean gabiltzanok kontsumoa murriztu behar dela garbi daukagu”, azaldu du Mugerzak. Egun 32 kide –horietako asko egitasmoa martxan jarri zenetik daude lanean– hondakinak kudeatzeko lanetan “buru-belarri” dabiltzala azaldu du.
“Gipuzkoan egiten dugu lan. Etxez etxe joaten gara gauzak hartzen: altzariak, liburuak, papera…oro har [gauza horiek eman dizkigutenek] ez dakite zer egiten dugun emandakoarekin. Batzuetan jendea gonbidatzen dugu kooperatibara, zer egiten dugun ikus dezan. Salmentan jartzen ditugu gauzak, jasotzen ditugun egoeran”.
“Gure helburua birziklatzea da baina gauzak ez aldatzea ere interesgarria iruditzen zaigu. Gaur egun jasotzen dugun %70-75 aprobetxatzen dugu”. Diru iturri eskasak dituztenek erosi ahal ditzaten somierrak, koltxoiak, etab. salgai jartzen dituzte, prezio baxuan.
Belartzan dute egoitza. Bertara jende asko hurbiltzen dela dio Mugerzak, zer egiten duten ikusi nahi dutelako. Horietako asko gazte jendea dela azaldu du: “Etxean lan egiten dute eta gurasoei esaten diete nola egin gauzak; horrek guri lana errazten digu. Aspaldi, kalera irten behar ginen kontzientziazio lanak egitera. Orain heziketa daukate: gaur egun gazteek jaso duten heziketa oso garrantzitsua da”.
Diru laguntzarik gabe egin dute lan eta eskerrak eman nahi dizkie gipuzkoar guztiei egindako ekarpenengatik. 943367534 telefonora deituta edonork egin dezake ekarpena.
(Albistea Arrosa irratien sareak argitaratu du eta CC-by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra)