argia.eus
INPRIMATU
Maria Josefa Molera Nafarroako kimikariak utzitako ondarea liburu batean argitaratu dute
  • Izabarrak zientziari egindako ekarpenak ikusarazteko helburuz publikatu du Nafarroako Gobernuak, haren jaiotzaren mendeurrenaren harira. Izabako Alaba Kutun izendatu dute.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 22a
1921ean jaio zen Izaban, eta kimikako ikerlari gisa nazioartean ospea lortu zuen. Argazkian, Madrilgo Rocasolano Institutuko laborategian, 1985ean.

María Josefa Molera Mayo, una científica izabar izenburupean kaleratu du Nafarroako Gobernuak Izabako kimikariaren ibilbide profesionala. DENA bildumako lehen liburua da, eta helburua da Molerak zientziari egindako ekarpenak ezagutaraztea eta hark utzitako ondarea jende gehiagorengana zabaltzea. Abenduaren 23tik aurrera egongo da eskuragarri lana.

Zientzialariaren jaioterrian aurkeztu dute obra, Izabako Udalak haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatutako omenaldian. Herriko Alaba Kutuna izendapena ere eman diote ekitaldian. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Transformazio Digitaleko kontseilaria den Juan Cruz Cigudosa honela mintzatu da: “Molera aparteko emakume aitzindaria izan zen, bereziki zinetikaren, fotokimikaren eta kromatografiaren alorretan egin zituen ikerketengatik”. Herrian ez ezik nazioartean ere eredugarri dela azpimarratu du.

Santos Indurain Osasun kontseilariak Maria Josefa Molerarekiko harrotasuna adierazi du: “Sekulako meritua izan zuen, 40ko urteetan ez baitzen erraza izango emakume batentzat zientziaren munduan bide egitea, eta are gutxiago hain urrun iristea”. Molerari zor zioten merezimendua eman diote Izaban, eta Carlos Anaut alkateak jakinarazi du konpromisoa hartu dutela kimikariaren bizitza eta lana hedatzeko, datozen generazioek eredutzat izan dezaten.

Liburuan Moleraren zientzia-ibilbideko mugarri garrantzitsuenak jaso dituzte, eta baita bizitza pertsonaleko eta familiarreko zenbait pasarte ere. Zientzialariaren senideek ahalbidetutako material grafikoa eta bi elkarrizketa ere topatu daitezke lanean.