argia.eus
INPRIMATU
Marisa de Simon izango da Nafarroako Ezker Batuko koordinatzaile berria
  • Nafarroako Ezker Batuak bozen %85ekin hautatu du koordinatzaile berria. Hamar urteren ostean koordinatzaile kargua utzi duen Jose Miguel Nuin ordezkatuko du Marisa de Simonek. Militanteek dokumentu politikoa babestu dute, Nafarroa aldatzearen zein lauko gobernuaren alde apustu egiten duena.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 20a

353 militante zeuden deituta primarien prozesura eta %55ek bozkatu dute. Gaurtik aurrera De Simonek toki handiagoa izango du bai alderdian baita lauko gobernuaren jarraipenean ere, baina ez dira aldaketa nabarmenak egongo Nafarroako Parlamentuaren bere dinamikan. Bozkatu dutenek datozen urteotako testu politikoa babestu dute, Ezker Batuaren 11. asanblada federalean zehaztutako nondik norakoak jarraitzen dituena.

Onartu berri den dokumentu politikoak garai berrien eta akordioen alde egiten du eta ez du aldaketa garrantzitsurik aurreikusten. Azaltzen duenez, alderdiak “78ko erregimena gainditzea” du helburu, gizarte mugimenduek sortutako prozesu konstituziogile eta demokratiko baten bitartez. Nafarroa “plural eta tolerantea” babesten du, “nortasun, hizkuntza eta kultura aniztasunekoa”.

Testuak UPNren eta PPren jarrera kritikatzen du, aldaketaren aroaren inguruko “karikatura iraingarria” egin nahi dutela salatuz. “Benetako hondamendia gobernu eskuindarrek eragin dute, euren politika neoliberal eta xahutzaileekin”, gaineratzen du.

Honela, IUN-NEBk 2015ean egindako aldaketaren aldeko apustua berretsi du, baita 2011n Batzarrerekin hasitako aliantza politika ere.