argia.eus
INPRIMATU
Mari Mar Blancoren dimisioa eskatu dute zenbait biktimak, Uribetxebarriari heriotza opa ostean
  • Josu Uribetxebarriaren heriotza nahi duela esan zuen duela bi aste El Mundo egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakariak. Bere adierazpenak hautsak harrotu ditu biktimen elkarteetan. 

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko uztailaren 24a
60 biktima inguruk bat egin dute Mari Mar Blancoren dimisio eskaerarekin. Argazkia: Publico.es

ETAren borroka armatuak eragindako 60 biktima inguruk bat egin dute Mari Mar Blancoren dimisio eskaerarekin. Ekimen horren buru, Roberto Manrique Hipercorreko atentatuaren biktima eta kaltetuen elkarteko lehendakari ohia dago. Ekimena biktima askok Blancoren hitzak onartezinak zirela esan ziotenean jarri zutela martxan adierazi du.

Manriqueren esanetan, biktima ugari daude Blancoren hitzekin identifikatzen ez direnak eta egunez egun gehiago dira dimisio eskaerara elkartzen direnak. Tartean egongo dira Rosa Lluch, Ernest Lluchen alaba; Pilar Manjon martxoaren hamaikako biktima taldeen lehendakaria eta Juan Fructuoso ETAk  Katalunian hildako lehen zibilaren anaia.

Udara amaiera arte jarraituko du martxan ekimenak. Ostean fundaziora karta bat bidaliko dutela esan du Manriquek, dimisio eskaera bete dadin. Fundazioko beste iturri kritiko batzuen esanetan, El Mundoko iritziez gain Blancok fundazioa kudeatzeko duen moduarekin oso kritikoak dira, beraien iritziz oso “pertsonalizatua” baita Blancoren jarduteko modua.