argia.eus
INPRIMATU
Mari Mar Blanco izango da PPren Arabako zerrendaburua
  • Azaroaren 10ean Espainiako hauteskunde orokorrak izango dira, eta Araban Javier Marotok galdutako eserlekua berreskuratzea izango da Alderdi Popularraren helburu nagusia.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko urriaren 08a

Orain arte Madrilen diputatua izan da ETAk 1997an hildako Miguel Angel Blancoren arreba, eta modu honetan, Javier De Andres bezalako beste aukera batzuei atea itxi die PPk.

Izan ere, Pablo Casadoren aukera izan da Blanco Arabako zerrendaburu izateko jauzia, alderdiak lurraldean bizi duen krisialdiari amaiera eman nahian. Pisuzko sorpresa eman nahi izan du alderdiak jokaldi honekin, Javier Maroto Sotosalbos herrian erroldatu eta Gaztela eta Leongo senaturako hautagai bihurtu ostean.

Mari Mar Blancoren izendatzearekin, alderdi guztien Arabako hautagai nagusiak definituta gelditzen dira horrela: Iñaki Ruiz de Pinedo (EH Bildu), Juantxo Lopez de Uralde (Elkarrekin Ahal Dugu), Isabel Celaa (PSE) eta Mikel Legarda (EAJ).