argia.eus
INPRIMATU
Mari Jose Olaziregi: “Memoria kolektiboa astindu behar da, aztertu behar da dolu kolektibo horrek lagun diezagun”
  • Gerra Zibila eta Memoria Historikoa iberiar penintsulako literaturan izenburupean, mintegia egingo da hilaren 13an Donostian, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. Gaian adituak diren hainbat ikerlari eta irakasle bilduko dira bertan. Mari Jose Olaziregi da mintegiko zuzendaria. Euskonews-ek elkarrizketa egin dio mintegiaren harira, eta guk pasarte bi ekarri ditugu hona.

2011ko uztailaren 11
Mari Jose Olaziregi, Etxepare Euskal Institutua. Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria

"90eko hamarkadaz geroztik asko hitz egiten da memoria historikoaz, bereziki Gerra Zibilaren osteko memoria historikoaz. Hausnarketa hau arlo guztietara hedatu da, adibidez Historian hitz egiten da oroimen lekuei buruz, memoria kolektiboari buruz, memoria komunikatiboaz, kulturalaz... badaude etengabe aipatzen diren kontzeptu batzuk. Literaturari begira eta mintegi honi begira helburua izango litzateke hausnartzea zer memoria konpartitzen dugun Iberiar penintsulako literatura desberdinen artean. Ba al dugu memoria komunik Gerra Zibila tratatzen duten testuen artean? ze motatakoa da? zein gaien inguruan hedatzen da? zeintzuk dira ardatz formalak? zein helburu dute?"

(...)

"Estatu espainiarrean izan dugun trantsizioan isiltasun ituna egon dela salatzen da. Trantsizioa pasa genuela gertatutako sarraski horien dolua pasa gabe, eta dolu hori literaturak bereziki egin du bere. Gaur egunean, gainera, sinesten da fikzioak historiaren aurrean egiatiago izateko gaitasuna duela, historia ez ofiziala kontatzeko gaitasuna.Nietzschek esan bezala, historia monumentala baztertu eta biktimen historia kontatu behar dugu. Maiuskulaz idazten den Historia batetik, minuskulaz idazten den historiara pasa gara, mikrohistoriara, eta idazketa horrek, gainera, funtzio etikoa du. Zertarako oroitu? Ba Aleida Asmannek esaten duen bezala, iraganeko basakeria horiek berriro gerta ez daitezen".